Alex Txikon lemoarra, Iñaki Alvarez zumarragarra, Cheppal, Namja eta Gelum Manasluko oinarrizko kanpamentuan daude jada atseden hartzen. Hauen asmoa, mendi honen tontorra erasotzea zen, baina 7.050 metro ingurura iritsi direnean, atzera egin behar izan dute haize zakarraren ondorioz. «Ez itzultzeko arrisku handia genuen, erabakirik zentzuzkoena hartu dugu: Oinarrizko kanpamentura itzultzea», ziurtatu du Txikonek.
Manaslu ez da taldeari erraztasunak ematen ari. Horrela, Txikonek adierazi duenez, «mendiko baldintzak gogorrak dira. Borroka asko egin behar da, eta etengabe arrastoa zabaltzen joan; badago elur-jausi arriskua egon daitekeen gune bat». Hala ere, ez du itxaropena galdu, «mendiak hemen jarraituko du, lehen baino askoz aukera gehiago ditugu, bidearen ekipamenduan asko aurreratu dugulako».
Eguraldiaren partea oso aldakorra izaten ari da egunotan, ostegunean aukerak egongo zirela ematen bazuen ere, azkenean ostiral honetan ez da horrela izan. Beraz, iragarpenaren arabera, datozen 10 egunetan oso eguraldi txarra egingo badu ere, egunez egun baloratu beharko da.
Gogoratu behar da, aurreikuspen horregatik, hain zuzen ere, erabaki zuela Simone Moro italiarrak oinarrizko kanpalekuan geratzea.
Oro har, Txikonek sentsazio onak ditu eta pozik dago lortutako aurrerapenekin. «Pozik gaude egindako lanarekin, pena da Manaslun jarraitzeko aukera gero eta mugatuagoa dela, baina azken kartutxoa erreko dugu», adierazi du altuerako errotazio horretan parte hartu duten lau kideekin batera oinarrizko kanpamentura iristean.
Pasa den igandean ere saiatu ziren tontorra erasotzen; orduan ere, 7.000 metrotan zeudela harrapatu zituzten haizete eta elurte gogorrek eta oinarrizko kanpalekura itzuli ziren. Aste honetan prest ziren beste ekinaldi bat egiteko, otsailaren 19an lehio txiki bat irekiko zela aurreikusita. Ostegunean 6.600 metrotan pasa zuten gaua eta ostiraleko eguna «garrantzitsutzat» jo zuten.
Talde honen helburua, Alex Txikon eta Simone Moro buru dutela, Manaslu negu astronomikoan igotzea da (solik behin igo da da, Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrek erdietsi zuten lorpena 1984an), hala nola tontor nagusia eta Ekialdeko Erpinarekin (7.992 m) lotzea ere. Negu astronomikoa martxoaren 21ean bukatzen da. 8.156 metro ditu Manasluk.