«Gure ustez sutea nahita sortua izan da» esan du Aitor Elixpuru Berako alkateak goizean goiz Naiz Irratian. Beran sortutako suak 24 ordu baino gutxiagotan 1600 hektarea erre ditu Lesaka eta Beran, beste 300 ere ditu Gipuzkoan eta 700 Lapurdin. Sutea Beran sortu bazen ere, Lesaka, Azkain eta Irunera zabaldu da haize ufada indartsuen ondorioz.
Bera inguruan sua kontrolatzea lortu dutela esan digu Berako alkateak. Arazoa orain Lesaka inguruan dagoela. Bertan ari dira lanean suhiltzaileak, Eskolamendiko eta Auzoberriko parajeetan. Lanak ez dira errezak izaten ari, haize bolada gogorrek ezinezko egiten dute elikopteroak bertara hubiltzea, eta parez-pare ari dira suhiltzaile eta bolondresak suaren kontra.
Nahiz eta Berako Ibardin eta Larun inguruko sutea kontrolpean dauden, Elixpuruk esan digu bertan daudela suhiltzaileak, «haize bolada batek berriro piztu dezake sua».