NAIZ

Lekeition agertutako pintaketak salatu dituzte EH Bilduk eta EAJk

EH Bilduk eta EAJk Lekeitioko hainbat lekuetan agertutako pintaketak salatu dituzte. Biek pintaketak lekuz kanpo daudela nabarmendu dute, eta koalizio subiranistak Lekeitio bezalako herri batean pintadak gazteleraz egin izanaz harritu da ere bai.

Lekeitioko Herriko Tabernan agertutako pintaketa.
Lekeitioko Herriko Tabernan agertutako pintaketa.

Igande goiz honetan hainbat pintaketa agertu dira Lekeitioko hainbat lekuetan, hala nola, Udaletxean, Herriko Tabernan eta Batzokian, baita alkateraren kontra ere bai. Honen aurrean, EH Bilduk eta EAJk haien harridura adierazi eta gertatutako salatu dute.

Ohar baten bitartez, EH Bilduk bere «harridura» agertu du eta pintaketa hauek lekuz kanpo daudela adierazi du. Horretaz gain, Lekeitio bezalako herri batean pintada hauek gazteleraz egin izana «deigarria» dela nabarmendu du.

Bizkaiko EAJko zuzendaritzak erasoa gaitzetsi du, eta «indarkeriazko ekintza horiek garaiz eta tokiz kanpo» daudela adierazi du. «Inolako ñabardurarik gabe espektro politiko osoa aho batez eta zalantzarik gabe arbuiatu behar dute», nabarmendu dute jeltzaleek.

«Batzuek oraindik ez dira konturatu euskal herritarrek eraiki egin nahi dutela, suntsitu beharrean, hitz egin, iraindu beharrean, eta errespetatu, mespretxatu beharrean», gaineratu du EAJk bere oharrean.

Halaber, EAJ adierazi du ekintza horiek «agerian uzten dutela azken hilabeteotan bizi dugun egoera paregabean ere badirela xantaia, mehatxua, hertsapena eta ustezko onurarako iraina erabiltzen jarraitu nahi dutenak».

Azkenik, pintaden egileei erasoak uzteko eskatu die.