Polizia espainiarrak astelehen honetan atxilotutako Bilboko Langile Autodefentsa Sareko bi kideren aurkako epaiketa Limpiezas Arana enpresarekin duen lan gatazkaren harira apirilera arte atzeratu dute eta, beraz, LASek deitutako ostegun honetako kontzentrazioa bertan behera geratu da.
Lau atxilotuak, azkenean, aske geratu ziren 19.00etan, eguna Indautxuko komisaldegian eman ondoren. Antolakundearen arabera, «laurek egin zioten uko Poliziaren aurrean deklaratzeari». LASek azaldu duenez, atxiloketa hauek Limpiezas Arana enpresan aurrera daramaten lan gatazkaren harira egin ziren, eta azken asteotan «pairatzen ari diren jazarpenaren baitan» kokatzen dituzte.
«Uribarriko garbiketa enpresa horretan borroka bat abiarazi genuen azaro bukaeran bertako langile batekin batera, enpresan pairatzen zituen abusu eta lan baldintza jasangaitzen aurka. Gogora dezagun langilea behartuta zegoela kontraturik gabe lan egitera hainbatetan eskatu zuen arren, gaixorik egonda ere lan egiteko presioak jasaten zituela, nagusiak soldatari santzio ekonomiko guztiz arbitrarioak ezartzen zizkiola, eta abar», jakinarazi du LASek.
Gainera, kolektiboaren ustez atzo bizitakoa «ez zen salbuespena». Bere iritziz, «gizarte kapitalistan, langileon baldintzatzen aldeko ekintza sindikala, eta orkorrean, langile antolakuntza sistematikoki jazarrita daude».