Ezkurdiak eta Galartzak puntu baliotsua eskuratu dute Zestoako pilotalekuan Altuna III.a eta Mariezkurrenari 22-17 menderatuta. Azken bi neurketak galdu ostean, gorriak garaipenaren bidera itzuli dira, sailkapenean laugarren puntua bildu eta zazpigarren postuarekiko tartea bi garaipenetara zabalduz.
Neurketa bikaina izan da Zestoakoa. Joko bizia, tanto eder asko eta emozioa, denetik izan du. Eta gainera oso noizean behin ikusten den tanto berezi horietako bat utzi du bideotekarako, 20-15ean Joseba Ezkurdiak pilota hanka tartetik joz egin duena. Pena harmailak hutsik egotea, bestela arbizuarrak jasotako txalo zaparrada sekulakoa zatekeen.
Partidari dagokionez, lehen tantoak oso parekatuak izan dira. Galartza eta Mariezkurrena pilota oso goian eta oso atzean ipiniz hasi dira, eta horrek aurrelarien aukerak murriztu ditu. Aldiz, Mariezkurrenari pilota pare batek goiko koltxoira alde egin diote –atzelari gazteak zazpi pilota galdu ditu guztira, gehitxo horrelako neurketa berdindu bat aurrera ateratzeko–.
Markagailuan aurreneko zuloa gorriek ireki dute 11-5ean. Joseba Ezkurdia jokoan sartzen hasi da eta sekulako tantoak sinatu ditu tarte horretan. Gantxoz, txokoan… aurreko jardunaldian ez bezala kantxan gozatzen ikusi dugu gaur nafarra –guztira 12 tanto izan ditu eginak, denak jokoan–.
Baina urdinek arazoa garaiz moztu dute. Ladis Galartzak eramateko pare bat sake errestorik gabe utzi ditu eta, hortik abiatuta, norgehiagoka berriz ere asko parekatu da markagailuan. Jokin Altunaren tanto onenak izan dira: amezketarra ere erremate festara batu da eta berdinketak izan dira 13an, 14an eta 15ean.
Baina Altunari behera joan zaion pilota batek sakea eman dio berriz ere Ezkurdiari, eta gorriek sei tanto egin dituzte segidan 21-15era ihes egiteko. Ezkurdiak sekulako erakustaldia eman du une erabakigarri horretan, tartean 20-15eko ikusgarri hori sinatuz, eta garaipena oso bideratuta utzi du.
Urdinek beste bi tanto egiteko denbora izan dute, baina partidak eskatzen zuen amaiera ipini dio Ezkurdiak bolea eder batekin azken 22-17koa eginez.
«Oso pozik nago egindako lanarekin. Aurreko astean sentsazio oso txarrak izan nituen, baina gaur hasieratik gustora ibili naiz eta puntu hau garrantzitsua da guretzat. Oraindik bost jardunaldi falta dira baina puntu hau pizgarria da guretzat. Helburua sei onenen artean sartzea da eta hori eskura dugu», esan du Ezkurdiak neurketaren amaieran.
Pilotakadak: 576. Partidaren iraupena: 67 minutu eta 35 segundo. Markagailua: 2-0, 2-3, 4-3, 4-4, 8-4, 8-5, 11-5, 11-10, 13-10, 13-13, 15-13, 15-15, 21-15, 21-17 eta 22-17. Sakez eginak: 2 Altuna III.ak. Jokoan eginak: 12 Ezkurdiak, 1 Galartzak, 8 Altuna III.ak eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 2 Galartzak, 2 Altuna III.ak eta 7 Mariezkurrenak. Gertaerak: Binakako Txapelketako partida Zestoan, ateak itxita. Lehen sakea, gorri.