Sorkuntza Koreografikorako Mugaz Haraindiko Atalak izeneko sareak Donostiako Tabakaleran 2021 urterako bere programa aurkeztu du asteazken honetan. Bertan Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendariak, Carine Aguirregomezcorta Malandain Ballet Biarritzeko proiektu zuzendariak, Fernando Saenz de Ugarte Dantzazeko zuzendari nagusiak, Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak eta Amaia Elizaran eta Hilde Koch koreografoek parte hartu dute.
Atalak sareak mugaz bi aldeko erakundeak biltzen ditu –hau da, ofizialki, Akitania Berria, Baskongadak eta Nafarroa– eta sorkuntza koreografikoa sustatzea du xede. Hau dela eta, 2021erako prestatutako programa indartu du, gogoeta, sorkuntza koreografikoa, mediazio eta dokumentazio lan-lerro berrien aldeko apustu sendoa eginez. «Atalak Sareak ATA-LAB pentsamendu laborategien, ekoizpen koreografikorako egonaldien mediazio eta dokumentazio lan-lerroen bidez muga berriak zabaldu nahi ditu», nabarmendu dute Atalak saretik.
‘Normaltasun’ berrira egokituz, iaz, esaterako, zenbait lan lerro izan dituzte. Sorkuntza koreografikoan, hiru laborategi eta ekoizpen koreografiko bat egin dira. Mediazioan, 29 ekintza, hamabost erakustaldi, estreinaldi bat, sei mediazio saio helduekin eta zazpi saio egin dira ikasleekin. Topaketei dagokionez, 26 ekintza egin dira guztira. Eta enplegu sustapenean, 86 kontratu sinatu dira guztira.
Egonaldien xehetasunak
Dantzaz buru duen mugaz haraindiko proiektuaren bazkide nagusiak CNN Malandain-Ballet Biarritz, Baluarte fundazioa, Tabakalera, Gipuzkoako Dantzagunea eta Gasteizko Antzerki Sarea dira. Urtez urte kolaboratzaile sare handiagoa ehuntzen ari da Atalak; Dantzerti, Azala, Gasteizko eta Baiona-Biarritzeko Kontserbatorioak, La Fundición, Eresbil, Creative Paths eta Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa (AMAEN) egitasmora batuta.
Euroeskualdeko dantzaren sektoreko profesionalei lan egiteko aukera eskainiz, euskal dantza garaikidearen sektorean aukerak sortu nahi ditu sare honek, aipatu dutenez. Horretarako, hauek dituzte lan ildoak: alde batetik, sorkuntza koreografikoa sustatuko du egonaldi desberdineko formatuen bidez. «Koreografoek erronka berriak bilatu eta esperimentatzeko espazio batekin egiten du topo eta talde profesional bat du bidelagun», aipatu dutenez.
Hiru egonaldi mota daude horretarako: esperimentazio egonaldiak (ikerketa eta ezagutzaren transmisioa ardatz duten hiru asteko egonaldiak); IN izeneko ekoizpen egonaldiak, hau da, koreografo berriei zuzenduak (sei asteko iraupena duen dantza ekoizpen koreografiko baten sorkuntza, sektoreko koreografo berriekin); eta, azkenik, ON izeneko ekoizpen egonaldiak, ibilbide bat duten koreografoei zuzenduak (sei asteko iraupena duen ekoizpen koreografiko baten sorkuntza, sektoreko koreografo egonkorrekin).
Bestalde, ATA-LAB izeneko profesionalen arteko topaketak proposatu dituzte. Bertan pentsamendu laborategiak garatzen dira sektoreko profesionalekin; «helburua normaltasun berria eraikitzea da. ATA-LAB ezagutzaren transmisiorako bitartekaria da eta topaketa zein lan mahai guztiak dokumentatu egingo dira eta sektoreko profesionalen esku jarriko dira», gaineratu dute Atalak saretik.
Azkenik, sorkuntza koreografikoko prozesuei lotutako mediazio eta dokumentazio ekintzak garatuko dira lurralde desberdinetako entitateen arteko harremanak sendotzeko. 2021ean esperimentazio laborategietan arituko diren koreografoak hauek dira: Itsaso Cano, Eva Guerrero eta Amaia Elizaran. IN ekoizpen egonaldia Carmen Larrazek gidatuko du eta ON ekoizpen egonaldia Hilde Koch artistak bideratuko du.
Bideak zabaldu
Proposamen hauen erakustaldiak espazio desberdinetan egingo dira, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa deitzen dioten Euroeskualdean, hamabost orotara. Modu honetan, sorkuntza koreografikorako prozesuak zabalduko dira publiko desberdinekin.
Atalak mugaz bi aldeetako koreografoentzako eta dantzarientzako aukera paregabea da, izan ere, Dantzazeko parte hartzaileez haratago, beste Euroeskualdeko dantzari gazteei ateak zabaltzen dizkie. Pasa den urtean plataformak 30 dantzariri eskaini zien lana. Haien hitzetan, sareak, finean, «sarean lan egiteko egitura bat antolatzen du: dantza garaikidearen sektoreari buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatzen du, proposamen koreografikoak sortu eta garatzeko prozesuekin batera egiten du lan, eta dantza garaikidea epe labur eta luzera komunitatera hurbiltzeko mediazio eta dokumentazio estrategiak abian jartzen ditu».