NAIZ

Ahetzen bigarren etxebizitzak eraikitzeko egitasmoaren kontra azaldu da CDPENAF

Larre Luzea antzinako etxaldean «goi mailako» hamar etxebizitza eraikitzeko higiezinen egitasmoa salatu zuten atzo EH Baik eta Ahetzeko oposizioak. Horren ondotik natura eta oihan espazioen zaintzaz arduratzen den departamenduko batzordea (CDPENAF) proiektu horren alde azaldu da.

Ahetzen higiezinen egitasmoa salatzeko EH Baik martxoak 3an eginiko ekimena. (NAIZ)
Ahetzen higiezinen egitasmoa salatzeko EH Baik martxoak 3an eginiko ekimena. (NAIZ)

EH Bai eta Ahetzeko Herri Kontseiluan oposizioan diren Guy Spanghero eta Sylvain Marconnet hautetsiek GSF Immobilier promotoreak Larre Luzea antzinako etxaldean garatu nahi duen luxuzko hamar etxebizitzaren proiektua salatu zuten martxoak 3an.

Ezkerreko mugimendu abertzalearen ustez, hamar apartamendu horiek «bigarren etxebizitza berriak» izanen dira, «etxebizitza sozial bakar bat ere» ez duelako jasotzen aipaturiko egitasmoak.

Egun, etxaldea zeneko jabeak ondoko lurrak alokatzen dizkio oraino lanean den laborari bati eta 18 urte dituen bere semeak esplotazioaren segida hartu nahi luke.

«Arrisku handirik hartu gabe, segurtatzen ahal da laborantza aktibitateak ez duela irauten ahalko hemen», azaldu zuen agerraldi horretan Nikolas Blain EH Baiko kideak.

Protesta hori natura eta oihan espazioen zaintzaz arduratzen den departamenduko batzordearen (CDPENAF) bilkura aurretik egin zuten. Erakunde horri dagokiolako iritzia ematea lurraren erabilpenari buruz.

Gaur EH Baik sare sozialen bidez jakitera eman duenez CDFPENAF delakoa proiektuaren kontra azaldu da. Laborantza lurrak atxikitzeko bidean «lehen garaipen gisara» hartu du ezkerreko mugimenduak erabaki hori. Izan ere, aurrera begira jarraipen berezia eginen diola dozierra honi gehitu du alderdi honek.

Ahetzeko Tokiko Etxebizitza Plana (TEP) Euskal Elkargoan adostua izan zen 2019ko uztailean. Orduan 233 hautetsietatik 85k aldeko botoa eman zuten.

Philippe Elissalde Ahetzeko auzapezaren ustez, antzinako etxaldea eraberritzea garrantzitsua litzateke «gaur galtzear eta arriskuan baita».