Kulturgileak Baionako Askatasun plazara hurbildu dira ostegun goiz honetan, pixkanaka-pixkanaka 200 bat pertsona elkartu dira herriko etxearen arkuen ondoan, eta jendearen parean, ikuskizun baterako tresnak agerian, mikrofonoak, nahasketa taula, bozgorailuak… Izan ere, kultura munduko eragileak haien aldarrikapenak agertarazteko bildu dira, baina ezin huts egin eskaera nagusia, jendaurrean aritu ahal izatea.
CGT sindikatuko kultur arloak Estatu frantses mailan eginiko deialdiarekin bat egin dute Ipar Euskal Herri osotik heldutako artistek, teknikariek, kultur eremuko enpresariek… Bertaratu den jendearekin hitz egitean, Gobernuari helarazi nahi dioten mezuaren alderdi administratibo ezberdinak ageri dira, baina nagusia taula gainera igo ahal izatea da.
Eskaeren berri izateko trakta bat banatzen aritu dira, non ‘Ikuskizunak, kultura eta ekitaldiak orokorrean salbatzea’ galdetzen den. Horretarako, kultur-gelak, zinemak, antzokiak… irekitzea derrigorrezkotzat jotzen dute, herrietako festak, kantaldiak, eta bestelako elkargune ludikoekin batera. Eskaera administratiboei buruz, kultur intermitenteek iaz izan zuten karga administratiborik gabeko ‘urte zuria’ luzatzea eta eskubide sozialak atxikitzea langile guztientzat.
Kultur eragileak Baionan elkartu dira #COVID19-an kontra ezarri diren osasun neurriak lasatu ditzatela eskatzeko. Herriko Etxeko hautetsiekin elkartu dira, haien mezua Ministeritzara helaraz dezaten. @naiz_info pic.twitter.com/D8qntFtHge
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) March 4, 2021
Kulturgileak, kultura hedatzen
Kulturgileak izanik, zuzenean aritzeko aukera ez dute galdu, eta hitzartzeen ondotik, emanaldi txikiak ikusi ahal izan dira. Mikroa lehenik hartzen Kalakan taldeko Jean-Michel Bereau izan da, eta egoera aldatzeko zerbait egitearen beharra nabarmendu du: «Orain bukatu behar da, 2020ko martxoan beldurtuak ginen, baina orain badakigu zer den, badira neurriak, txertoak… gure bizitza egiten ahal dugu. Beste herrialdeetan dagoeneko egiten dute».
Jean-Noel Lassalotte CGTko kultur sailako ordezkari gisara hitza hartu du ondoren: «Udan pixka bat aritu ahal izan ginen, baina duela lau hilabetetik berriz gelditu behar izan gara, uda hurbiltzen ari da eta ez dugu ezer». Aldi berean, teknikariak ere izan ditu gogoan, «haiek ez dute intermitentziarik, gu baino okerrago dira».
‘Rosie Culture TV’ izan da ondorengoa, bi antzezlek telebista elkarrizketa baten alegia egin dute, Roselyne Bachelot Kultura ministroaren ordezkari baten eta kazetari kritiko baten arteko solasaldia agertu dute, Ministeritzarekin kultura eragileek izan dituzten elkarrizketetatik bildutako datuak agerian utziz.
Kulturgileak zuzenean aritu ahal izateko aldarrikapen ekimena egin dute gaur Baionan. Antzezleek eta musikariek ikusgarri txiki eskaini dituzte. Pauline & Juliettek bi kantu abestu dituzte bertan elkartu diren 200 bat pertsonen aitzinean @naiz_info pic.twitter.com/wwwwfngMJl
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) March 4, 2021
Musikaren txanda izan da ondoren, Pauline eta Juliettek bi abesti eskaini dituzte. Berarekin hitz egitean, Pauline Junquetek «lanaren beharra» nabarmendu du, eta Juliette Alfonsok, bere aldetik, ikuslegoarekin izaten den harremana aipatu du, taula gainera igotzearen beharra: «Zaila da sorkuntzak egitea lana izanen duzun perspektibarik gabe».
Atera berri duten azken diskoa abenduan aurkeztu zuten Eskoriatzan, Ipar Euskal Herrian kontzertuak eskaintzea jada debekatuta zegoen garaian: «Han kontzertuak egiten segitzen dute, eta pentsatzen dugu hemen ere posible dela egitea kasu ematen bada. Injustizia dela pentsatzen dugu artistok, jendeak bere bizia segitu behar du».
Watson musikariak eman dio bukaera ‘ikuskizunari’ arte adierazpenen garrantzia gogoratuz Anje Duhalderen ‘Kantuz’ abestiaren bitartez: «Kantuz deramat bizia / ahazteko hiltzia. / Neuretzat kantuan dago / fortuna guzia. /Eta kantuz kantuz, /noa botatuz, neure hazia».