NAIZ
IRUN

Ekonomia zirkularrari zuzenduta, ekainaren 4tik 6ra egingo da Bioterra azoka Ficoban

2021 honetan ekainaren hasierara itzuliko da Bioterra azoka, Irungo Ficoba gunean. Ekonomia zirkularrari arreta berezia jarriko diote. «Biztanleriak eta kontsumoak orain arte bezala hazten jarraitzen badute, 2050ean hiru Lur planeta beharko dira».

Bioterra azokaren aurreko edizio bat. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Bioterra azokaren aurreko edizio bat. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarriaren eta kontsumo arduratsuaren Bioterra azoka ohiko egunetara itzuliko da aurten, ekainaren 4tik 6ra bitartean, Irungo Ficoba gunean, ekonomia zirkularrari zuzendutako edizio batekin.

Azokak 2020an datak aldatu zituen, pandemia bitarte, eta urriaren 9tik 12ra antolatu zen. Baina aurten ekainaren hasieran izango da, aurreko edizioetan ohikoa izan den bezala, antolatzaileek ohar baten bidez jakitera eman dutenez.

Bioterrak azaldu duenez, ekonomia zirkularrari arreta berezia eskainiko diote 2021 honetako edizioan. Izan ere, «Bbztanleriak eta kontsumoak orain arte bezala hazten jarraitzen badute, 2050ean hiru Lur planeta beharko dira gizateriak bizirik irauteko».

Bilibin Circular, ekonomia zirkularrean espezializatutako aholkularitza-enpresa bat, azokaren batzorde antolatzailean sartu da, eta bertan ariko da beste erakunde batzuekin batera: Ekolurra (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), GEA (Azterketa Geobiologikoen Elkartea), BLE (Iparraldeko Nekazari Ekologikoen Elkartea), Gipuzkoako Foru Aldundia, Zuhaizpe (Vital Osasun Zentroa), Nasei, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Arkmonia (Arkitektura Azterlana).