Joan zen larunbatean ezustean Acunsa Gipuzkoa Basketek denboraldi hasierako ohitura txarrak berreskuratu zituen eta 74-97 galdu zuen RETAbet Bilbao Basketen aurka. Orduan gertatu zenak ez dauka bueltarik, baina larunbat gau honetan Fuenlabradaren kantxan ezin da berriro halako deskalabrorik errepikatu. «Argi dago, 97 puntu gehiegi dira eta gure intentsitate fisikoa eta energia berreskuratu behar ditugu», adierazi du Marcelo Nicola entrenatzaileak partida bezperako prentsaurrean.
Bost garaipen bakarrik ditu talde donostiarrak, Bilbao Basket eta Betisekin berdinduta eta Estudiantesek zein Fuenlabradak baino garaipen bakar bat gutxiagorekin. Alegia, larunbat gauean 20.45etan hasiko den neurketa hil ala bizikoa izango dela gipuzkoarrentzat, aurkari zuzen baten etxera joan behar baitute. Ez nolanahiko aurkaria gainera, izan ere joaneko neurketan 72-100 nagusitu ziren madrildarrak Melo Trimble eta Marc Garciaren puntuei esker. Nola edo hala geratu beharko dute donostiarrek Fuenlabradaren jokalari onenen etorria; hau da, bere aukerak hauspotu beharko dituela eta ez Fuenlabradaren salbazioa.
Egia da, nolabait esatearren, barruko joko ahula duela Madrilgo taldeak, eta zentzu horretan, joan den zapatuan Ondrej Balvinek egindako txikiziorik nekez egingo dutela GBCren saskipean. Alabaina, kanpoko jokalariek min handia eman lezakete eta horiek geratu beharko dituzte donodtiarrek.
«Trantsizioan asko jokatzen duen taldea da, Trimblek bultzatuta. Baina gero gainerakoak korrika egiteko gai dira, jokalari atletikoak, handiak batez ere. Eta Christian Eyengak batez ere beheko zutoinean erasoko aukera ugari sortzen ditu», ohartarazi du Nicolak.
Bistakoa da nekez emango diotela gipuzkoarrek Fuenlabradaren aurkako buruz buruko averageari, zaila izango baita 29 puntuko aldeaz GBCk irabaztea. Baina kontua ez da aldea ateratzea, seigarren garaipen hori ahal bait arinen ziurtatzea baino.
Zentzu horretan, Lucas Faggiano antolatzailearen aburuz, «derbian egindako akatsak zuzentzen lan egin dugu astean zehar. Oraindik Ligak luze joko du eta partida bakoitzak garrantzia eskerga dauka». Illunbeko azken porrota atzean utzita, antolatzaile argentinarrak maila mantentzeko «aukerak badaudela» sinetsita hitzegiten du.
«Bilbao Basketen kontrako partidara arte bolada politean geunden. Hargatik izan zein horren mingarria porrot hura. Baina oraindik aukerak ditugu aurrera ateratzeko», borobildu du.
Rouselleren aukerak
Domeka eguerdian, 12.30etan, jokatuko du RETAbet Bilbao Basketek Miribillako Bilbao Arena pabilioian Betisen aurka. Joan zen asteko euskal derbian gertatu zen bezala, Jonathan Rouselle ez legoke berez jokatzeko moduan, orpazurdan duen lesioa dela-eta.
Alabaina, ostiral honetan Alex Mumbru entrenatzaileak eman duen prentsaurrekoaren ostean, agian aukeraren bat egon liteke antolatzaile frantsesak igandean minutu batzuek izateko.
«Asteon ez du talde osoarekin batera entrenatu, baina ikusi egin behar partida jokatu aurretik falta zaizkigun bi entrenaldietan gurekin lanik egin dezakeen ala ez. Bere gaitasunaren %70etik behera baldin badago, ezingo du jokatu», ezarri du mugarritzat.