NAIZ

Kontzejuen hauteskundeak egin arte foru-arauak ez aldatzeko eskatu du EH Bilduk

Toki entitate hauetako hauteskundeak egin arte, Arabako kontzejuen funtzionamenduari buruzko foru-arauak ez aldatzeko eskatu dio EH Bilduk Ramiro Gonzalez aldun nagusiari Batzar Nagusietan aurkeztu duen mozio baten bidez.

Barron, Arabako mendebaldean dagoen kontzejua. (Juanan RUIZ/FOKU)
Barron, Arabako mendebaldean dagoen kontzejua. (Juanan RUIZ/FOKU)

EH Bilduk mozio bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan, Aldundiari eskatuz atzeratu dezala Kontzejuen foru arauaren eta Kontzejuetako Erregidoreak eta Bokalak Hautatzeko foru arauaren Proiektuaren aurkezpena. Talde honen ustez, aurkezpen hori atzeratu egin beharko litzateke, gutxienez, 2021eko kontzejuetako erregidore eta bokalen hauteskundeak egin arte, eta, ondoren, hauteskunde horietatik sortzen diren karguak hartu eta Administrazio Batzarrak eratu arte.

«Eta hori guztia, ahaztu gabe pandemiak eragin negatiboa izan dezakeela bai hauteskundeen garapen normalean, bai lege-aldaketa horren gainean gutxieneko parte-hartze prozesu serio orotan», gaineratu du talde abertzaleak.

EH Bilduk berak aurkeztutako interpelazioaren ondoren, Lurralde Orekako diputatu Pilar Garcia de Salazerrek berretsi zuen aurten Kontzejuen Foru Araua eta Hauteskundeen Foru Araua bateratuko dituen Arau proiektu bat aurkezteko asmoa. Egutegi bat zehazteari uko egin zion arren, 2021aren amaieran egingo diren kontzejuetako hauteskundeak baino lehen indarrean sartzeko asmoa berretsi zuen.

«Ez da onargarria 2017ko akatsa errepikatzea; izan ere, Kontzejuetako hauteskunde-urtea izanik, Aldundiak zirriborro bat proposatu zuen arau horiek aldatzeko. Hala ere, zirriborro hori erretiratu egin zen Kontzejuen Elkarteak (ACOA-AKE) eta hainbat kontzejuk banaka egindako alegazio ugarien aurrean», adierazi du Javier Argote EH Bilduren prokuradoreak.

Talde honek deitoratu egin du 2018, 2019 eta 2020 urteetan «ezertxo ere egin ez izana», kontzejuekin benetako parte-hartze prozesu bat irekitzeko eta Foru Arauaren aldaketa geldiago adosteko. «Arabako tokiko sarearentzat berebiziko garrantzia duen arau bati buruz ari gara; ez da onargarria kontzejuetan hauteskundeak egingo diren urtean berriz ere Kontzejuen eta Hauteskundeen Foru Arauaren proposamen berri bat aurkeztu nahi izatea», esan du Argotek.

Berebiziko garrantzia duen araua

Bestalde, nahiz eta ados egon 1995ekoa den Foru Arau bat eguneratzeko beharrarekin, EH Bilduk uste du ezin dela baliatu Kontzejuen Erregidore eta Bokalen Hauteskundeei buruzko foru arauaren balizko aldaketa Kontzejuen Foru Araua «modu espresuan» aldatzeko. «Foru-arau guztiak dira garrantzitsuak, baina Kontzejuen Foru Arauak berebiziko garrantzia du; izan ere, haren bidez 333 toki-erakunde arautzen dira, eta arau horiek aldatzeak beste arau batzuei eragingo die (finantzazioa, kuadrillak, ogasuna, etab.). Beharrezkoa da bere denbora hartzea, adostasunez egitea eta kontzejuetan hauteskundeak egin gabe», azaldu du EH Bilduren  batzarkideak.

Honekin batera, EH Bildu-k gogorarazi du pandemiaren harira ezarritako harreman eta komunikazio murrizketek markatutako urtea dela, eta, ondorioz, are zailagoa dela herrietan Aldundiak aurkeztu nahi duen aldaketa gizarteratzea eta eztabaidatzea. «Utz dezagun kontzejuetako hauteskundeak egiten eta, 2022tik aurrera, jar gaitezen lanean Kontzejuen Foru Araurik onena lortzeko: parte-hartze handiagoa eta ahalik eta adostasun handiena lortzeko, bai kontzejuen artean, bai Batzar Nagusietan», adierazi du Argotek.