Haritz Larrañaga
Baiona

Ipar Euskal Herrian M8aren karira aspaldian izan den mobilizazio jendetsuena burutu da Baionan

Martxoaren 8aren karira, mobilizazio jendetsu eta anitz batek zeharkatu ditu Lapurdiko hiriburuko karrikak. Baionako ospitaletik abiatu den manifestazioak zenbait geldialdi egin ditu eta jendea pilatuz joan da. 600 lagun inguru baziren amaieran, Suprefeturaren aitzinean.

Manifestazioak Baionako karrika nagusiak zeharkatu ditu. (Bob EDME)
Manifestazioak Baionako karrika nagusiak zeharkatu ditu. (Bob EDME)

Martxoaren 8an aspaldian izan den mobilizazio jendetsu eta anitzena izan da gaur Lapurdiko hiriburuko karrikak zeharkatu dituena. Baionako ospitaletik abiatu den manifestazioak zenbait geldialdi egin ditu bidean eta jendea pilatuz joan da. Horrela, 600 lagun inguru baziren amaieran, Suprefeturaren aitzinean.

Osasungintzako langileek, ikasleek, etorkinekin lan egiten duten elkarteek eta pasa den larunbatean Hendaia eta Irun artean amaitu zen Emakumeen Mundu Martxako kideek hartu dute hitza Baionako zenbait lekutan egin dituzten hitzartzeetan. Horrela, adin eta arlo guztietako emakumeek bat egin dute Ipar Euskal Herrian martxoaren 8an aspaldian egin den mobilizazio indartsuenarekin.

Mezuak anitzak izan dira, eremu bakoitzeko emakumeek haien arloan dituzten arazoak azpimarratu dituzte, baina bazen guztiek bat egin dute lanpostu prekarioenak emakumeei dagozkienak dirla narmentzeko orduan. Horrekin batera, emakume etorkinei elkartasuna erakusteko mezuak ere ugariak izan dira.

Eguerdiko hamabietan ireki dute «Gora Borroka Feminista!» goiburua zuen pankarta Baionako ospitalearen atarian eta arratsaldeko ordu bietan amaitu dute manifestazioa Suprefeturaren egoitzaren aitzinean. Artean, hitzartze eta kantaldiak izan dira Merkatuan, Katedralean eta Monoprix markako saltoki baten atarian. Aldarriek eta mezu anitzek bat egin dute umorez eta kolorez bustitako mobilizazioan.

Osasungintzan hobekuntzarik ez

Lehen hitzartzea Elisabeth Charyau eta Aines Haristoik egin dute. Biak osasungintzako langileak eta LAB sinikatuko kideak, hirurehun bat lagunen aitzinean mintzatu dira Baionako ospitaleko sarreran. Bata zuria soinean eta mikrofonoa eskuan honela hasi dute hitzaldia osasungintzako langileek: «Gure borroka egunerokoa da, leku guztietan emakume guztiok eraman behar duguna. Martxoaren 8a urtemuga triste bat da, parekotasunak segitzen duela eta injustiziak oraino begi bistakoak direla oroitarazteko».

Gertutik bizi duten egoera baten inguruan honako hausnarketa plazaratu dute: «Erraza da osasun langileak beharrezkoak direla esatea, beraien lana aitortzea garrantzitsua da, baina ez da nahikoa, emazteen lana egiazki ezagutzeko orduan oztopoak milaka dira. Lan baldintzak ez dira inondik hobetu ospitaleetan, zahar etxeetan, etxeko zaintzarako lanetan, ez dute lanposturik, murrizketa logika batekin jarraitzen dute eta ez da kasualitatea lan prekarioenak egiten dutenak emakumeak izatea».

Emakumeek lan munduan duten ikusgarritasun falta ere nabarmendu dute hizlariek. «Sistema kapitalista patriarkalari bizitzak bost axola zaizkio, baina sistema, gaur egun funtzionatzen duen bezala. ez litzakete aitzina aterako emakumeek egiten duten isilpeko lana ezagutuko balu», adierazi dute osasungintzako langileek.

Lehen hitzartzeak aurrera egin ahala pixkanaka gero eta jende gehiago pilatzen hasia zen Baionako ospitale atarian, olatu bat bezala. «Indar feminista berriak gehitzen ari dira, leku guztietan bezala, baita Euskal Herrian ere, eta olatu hori indartzen eta azkartzen segitu behar dugu, arau patriarkalak desegin, eta, parekotasuna eta elkartasuna plantan ezartzeko», jakinarazi dute, hitzartzea txalo zaparrada batekin amaitu aitzin.

Ikasleak eta etorkinak

Baionako ospitaletik manifestazioa atera eta 500 metrora ikasleek hartu dute lehen lekukoa Albert Grennier biribilgunean. Han ziren, beste batzuen artean, gaurko egunez ateak itxita mantendu dituen Etxepare Lizeoko ikasleak. Guztien izenean Idoia De Ezkurra ikasleak hitz egin du.

Labur, baina garbi hitz egin dute ikasleek. «Denek elkarrekin, gauzak alda ditzagun elkar zainduz eta antolatuz», adierazi du hizlariak, eta «gora emazteen borroka!» batekin amaitu du indartsu, musika eta kantuei bide emanaz.

Manifestazioak bere bidea jarraitu du Lapurdiko hiriburuko erdigunera eta merkatuaren ondoan egin dute hirugarren geldialdia. Etorkinekin kolektiboko Amaia Fontang bozeramaileak, Elodieren laguntzarekin, Mirian izeneko Saharako neska batek idatzitako testu hunkigarri bat irakurri du. «Elkartasunera eta duintasunaren gudara deitzen» zuen idatziak eta «lotsak aldez aldatu behar» duela aldarrikatzen zuen. Sekulako txalo zaparrada jaso du. Minutu bat iraun dute «emakume migranteei» eskaini dizkieten txaloek.

Katedraletik Suprefeturara

Manifestarien buruan ziren trikitilariek jendearen arreta bereganatzen zuten eta mobilizazioak ikusmina sortu du bidean. Musika hotsek Katedralean egin duten geldialdian jarraitu dute. Ez da hitzartzerik izan Santa Maria eraikinaren aterpean, baina abestiekin hitz egin dute gitarrak eskuan zituzten gazteek.

Bosgarren geldialdia, ostera, Monoprix saltokiaren atarian izan da eta han ere hitzartzeak formatu berezia izan du. «Feministe tant que il faudra» (feminista behar den artean) goiburua zuen txartela lepotik zintzilik zuen manifestari batek hartu du hitza emakume trans baten poema irakurtzeko.

Kitty-Tsui, jatorri txinatarreko hiritar estatubatuarrak idatzitako poemaren izeneburua bera jada indartsua zen: "Ez deitu niri monsieur, deitu iezadazue boteretsu". Honela hasi da olerkia, «monsieur deitzen naute, uneoro, gizonek, emakumeek, zerbitzariek jatetxean, dendariek....». Manifestariek arretaz entzun dute, amaitu ere, indartsu amaktu den poema: «Harro dagoen emakume bat naiz, bere izatean bilakatzen dena».

Arratsaldeko ordu biak ziren 600 lagunek osatutako zutabea Baionako Suprefeturara iritsi denean. Sarrerako eskaileratik mintzatu dira pasa den larunbatean Irun eta Hendaia artean amaitu zen Emakumeen Mundu Martxan parte hartu zuten Ipar Euskal Herriko hiru ordezkari.

Aurtengo edizioan jorratu duten gaia izan dute hizpide eta lelo nagusia oroitarazi dute. «Zubi guztien gainetik, murrurik ez, mugarik ez, transnazionalik ez!» goiburuaren atzean dagoenaren berri eman du Itziar Varelak, Hendaiako Bagera elkarteko kideak, eta azken asteetan egin dituzten mobilizazioetan aldarrikatutakoa ekarri du gogora.

Joana Irigarayk, EH Baiko hautetsia Azkainen eta EME 8 kolektiboko kideak, Emakumeen Mundu Martxan izandako esperientzien berri eman du eta gainontzeko hizlariekin batera lelo nagusia azpimarratu du: «Emazteen bizitza aldatu, murrurik ez, mugarik ez!».

Jarraian, abestiek eta kantuek jarraitu dute, eta ez dute etenik izan, pixkanaka jendetza desegiten hasi eta horrela, kantu eta koloreak norabide desberdinetan zabaldu dira, baina ez dira desegin, arratsaldean ere herri anitzetan ekimen desberdinak izan baitira.

Mugarria Grebalari Feministen Asanblada

Duela hiru urte egin zuen lehen aldiz martxoaren zortziko greba deialdia Grebalari Feministen Asanbladak eta ordutik Emakume Langileen Nazioarteko Egunean Ipar Euskal Herrian antolatzen diren mobilizazioak geroz eta indartsuagoak dira.

Jada urrun geratu dira, 2001. urtean egin zen greba eguneko irudiak, non, Emazteek Diote elkarteko kde batek oroitzen zuen moduan, deialdiari dozena bat lagunek bakarrik erantzuten zioten. Hala ere, «oraindik egiteko asko dago» esaldia da elkarte eta eragile desberdinetako ordezkariek gehien errepikatzen dutena.

«Datorren urtean ez gara hutsetik hasiko, gaurko mugarriak fruituak emanen ditu», ohartarazi zuen Jenofa Berhokoirigoinek, Grebalari Feministen Asanbladako ordezkariak 2018an Baionako herriko etxearen aitzinean egin zuten bazkari herrikoian. Lehen deialdi hartan soilik Solidaire eta LAB sindikatuek erantzun zioten greba deialdiari, bi urte geroago CGT eta FSU sindikatuak batu dira, eta  arlo desberdinetako eragileen sostengua askoz ere anitzagoa da.

Gaur deialdia Grebalari Feministen Asanbladako parte diren taldeek egiten dute eta deitzaileen zerrenda luzea da, hala nola, Ipar Euskal Herriko Asanblada Feminista, Bagera, Emazteek Diote, Itaia, PAF, Planning Familial eta Zutik taldea dira deitzaileak.

Horrez gain, belaunaldi berrien atxikimendua ere nabarmentzekoa da eta horren isla ikastetxeetan ikus daiteke. Ikastetxe batzuetan, esaterako, greba partzialak egitetik greba osoa egitera pasa dira, Baionako Etxepare Lizeoan kasu.