NAIZ

Sistema patriarkala «desegiteko», espetxeak «landu beharreko eremua» direla iritzi du Sarek

Euskal emakume presoen egoera azalerazi du Sarek Iruñean egindako ekimen batean. Zentzu horretan, «zigor soziala, pertsonala eta penala» pairatzen dutela nabarmendu dute.

Sarek, martxoaren 8 honetan, emakume presoen egoera azalerazi du Iruñean. (@sare_herritarra)
Sarek, martxoaren 8 honetan, emakume presoen egoera azalerazi du Iruñean. (@sare_herritarra)

Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarriarekin bat eginez eta martxoaren 8rako deituriko mobilizazio egunaren harira, euskal emakume presoen egoera azalerazi du Sarek Iruñean egindako ekimen batean. «Emakume presoak izateagatik are bakartuago, are urrunduago aurkitzen dira, sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez», adierazi dut.

Azpimarratu dutenez, «salbuespeneko espetxe politikaren pean» egoteari,  «gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio» emakumeen kasuan. «Ez-leku batean aurkitzen dira, sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugile izatea. Emakume onak birsortzeko fabrikak bilakatzen dira espetxeak, emakume presoak ber-hezitzeko erabiltzen dituzte», salatu dute.

Zentzu horretan, emakumeek, «zigor hirukoitza» pairatzen dutela nabarmendu dute.  Alde batetik, «zigor soziala, patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen duelako». Bestetik, «zigor pertsonala, emakume txarraren edota ama direnen kasuan ama txarraren epaia gehitzen baitzaio ezarritako zigorrari». Eta, hirugarrenik, «zigor penala, aurrez adierazi moduan, emakumeentzako prestatua ez dagoen sistema penalaren pean bete behar baitute kondena».

Horri guztiari euskal presoek pairatzen duten salbuespeneko espetxe politika gehitu behar zaiola ekarri gute gogora. «Emakumeentzako izendatuta dauden espetxeen eskasia dela eta, euskal emakume presoak urrunago eta bakartuago topatzen dira».

Datuei erreparatuta, euskal emakume presoak Euskal Herritik bataz bestek 500 kilometrotara daudela nabarmendu dute eta urruntzeari bakartze egoera ere gehitu beharra dagoel. Izan ere, 31 presotik 15 guztiz bakarrik daude haien kartzelan, kiderik gabe. Otsaileko datuak kontuan harturik, 31 emakume horitatik 5 Estatu frantsesean aurkitzen dira, 22 espainolean eta 4 bakarrik daude Euskal Herrian, horietatik bat etxean preso dagoelarik.

«Espetxeetan euskal presoek bizi duten salbuespen egoerari, masifikazioari, urruntze politikari, osasun arreta eskasari, isolamenduari, eta maiz jasan behar dituzten bortxa eta umiliazio tratuei, emakume izatean konponente sexistak gehitzen zaizkio, zigor morala eta estigmatizazioa edota mehatxu eta irainetatik hasi eta emakumeentzako egokituta ez dagoen osasun zerbitzu eta espazioetararte», salatu dute. Beraz, sistema patriarkala «desegiteko» espetxeak ere «landu beharreko eremu gisa» ulertu behar direla iritzi du Sarek.