NAIZ

Esne bilketa kanpaina abiatuko du Zaporeak elkarteak martxoaren 13an

Zaporeak elkarteak esnea biltzeko kanpaina bat jarriko du martxan, Lesboseko (Grezia) Kara Tape kanpamentuko errefuxiatuei laguntzeko. Kanpaina martxoaren 13an hasiko da Donostian eta ondoren beste herri batzuetara zabalduko da.

Esne bilketa kanpaina antolatu du Zaporeak elkarteak. (ZAPOREAK)
Esne bilketa kanpaina antolatu du Zaporeak elkarteak. (ZAPOREAK)

Zaporeakek, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkarteak, esne bilketa kanpaina abiatuko du martxoaren 13an Hego Euskal Herrian. Kanpaina Gipuzkoan hasiko da eta bi astero beste lurraldeetara zabalduko da: Araban martxoaren 27an, Nafarroan apirilaren 10ean eta Bizkaian apirilaren 24an.

Hasteko, Donostian, martxoaren 23an hiru bilketa puntu egongo dira egun osoan zehar esnea jasotzen eta dirua biltzen: San Martingo azokan, Super Amara Benta Berrin eta Super Amara Isabel IIa Etorbidean. Goizeko 10.00etatik hasi eta 20.00ak bitarte ordutegi jarraian izango da. Zaporeakek zehaztu duenez, garrantzitsua da behi esne osoa izatea, iraungitze data luzekoa eta Tetra Brik-ean.

Martxoaren 23an, Donostiaz gain, Zarautz, Usurbil, Oñati, Aretxabaleta, Arrasate, Aramaio, Beasain eta Legazpin ere bilduko da esnea. Zaporeak elkartearen sare sozialetan eta web orrian puntu eta ordutegi zehatzen berri emango da.

Zaporeakek, astearte honetan egindako agerraldian azaldu duenez, bere sukalde proiektuarekin Lesbos (Grezia) uharteko larrialdiko Kara Tepe errefuxiatuen esparruko migratzaileentzat janari duina sukaldatzen eta banatzen jarraitzen du.

Moriako sutearen ondoren, lan egiteko modua berrantolatu behar izan zuten, «egoera bestelakoa baitzen». Ohartarazi dutenez, 5 hilabete hauetan egoerak okerrera egin du errefuxiatuen kanpamentuetan eta covid-19a tarteko, pertsona errefuxiatuen elikadura premiak areagotu egin dira. Horregatik, suakaldatzeaz gain, lehorreko banaketari ekin dio Zaporeakek.

Dagoeneko hasiak dira hilean behin lehorreko elikagai sorta zabal baten banaketa egiten Kara Tepeko 7.200 pertsonen artean. Abendutik martxora bitartean, hilean behin banaketa hori egin dute. Orain, horretaz gain, astero esnea eta fruta helarazi nahi diete.