NAIZ

Otsaileko suteekin lotuta Beran egitekoa zen manifestazioa bertan behera gelditu da

«Herria eta natura-ondarea babesteko, erantzukizunak eskatzeko, mugaz gaindiko mendi politika bateratuak bultzatzeko eta suhiltzaile eta babes zibileko langileen lana eskertzeko» asmoz manifestazioa deitua zegoen Beran, otsaileko suteen harira. Baina bertan behera utzi behar izan dute covidagatik.

Ibardingo paraje kaltetuak. (Andoni CANELLADA/FOKU
Ibardingo paraje kaltetuak. (Andoni CANELLADA/FOKU

Bera, Lesaka, Biriatu, Urruña, Azkaine eta Sarako udalek manifestazioa deitua zuten elkarrekin larunbat honetarako, Beran, otsailean izandako sutearen harira. Baina bertan behera utzi behar izan dute, «Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak hagitz aforo murritza jarri» dielako manifestazioa baimentzeko.

«Herria eta natura-ondarea babestea», sutearen inguruan «erantzukizunak eskatzea», «mugaz gaindiko politika bateratuak bultzatzea» eta sua itzaltzen ibili ziren langile eta boluntarioen «lana eskertzea», horiexek ziren martxoaren 13rako antolatutako martxaren helburuak. 16.00etan ziren abiatzekoak, hainbat puntutatik, zutabetan banatuta.

Jende ugari biltzea espero zuten

Berako Udalak jakinarazi duenez, «Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak hagitz aforo murritza» jarri die manifestazioa baimentzeko. Eskualde mailako deialdia izaki, eta otsaileko sutearen larritasuna aintzat hartuta, jende puska biltzea espero zuten eta «segurtasun neurriak prest» bazituzten ere, «jende uholde bat ez izatea» ezin zutela ziurtatu azaldu du Aitor Elexpuru alkateak, Erran.eus-ek jasotako adierazpenetan. Gainera, edukiera arauak beteko ez balira, Berako Udalak «ondorio legalak» izan litzazkeela agertu du. Horregatik hartu dute hitzordua bertan behera uzteko erabakia.

Hala ere, Berako Udalak baieztatu du «ekitaldi hau deitua izan den helburuen alde lanean» segituko dutela: «Sutea sortu dutenak nortzuk izan diren argitzen lagunduz eta erantzukizunak eskatuz, gure natura-ondarea babesten jarraituz, suhiltzaile eta babes zibileko langileak eskertuz, eta mugaz gaindiko herri lur eta mendien kudeaketa bateratua bultzatuz».