NAIZ

Esther Ferrer eta Lekha Hileman-en bideo-elkarrizketa, Guggenheimeko Insights sailean

Esther Ferrer artista eta Lekha Hileman Waitller arte-arduraduna dira Guggenheim Museoaren #GuggenheimBilbaoInsights ekimen digitaleko bosgarren bideoko protagonistak. Performanceak, gorputzak eta denboraren joanak adierazpen-modu gisa artistaren lanean izan duten garrantzia dute hizpide.

Esther Ferrer, 2018an Guggenheimera eraman zuen erakusketan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Esther Ferrer, 2018an Guggenheimera eraman zuen erakusketan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Guggenheim Bilbao Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimen digitaleko bosgarren bideoa aurkeztu du. Museoaren Arte-ardura sailaren gidaritzapean egindako bideo-sorta horretan, arte-arduradunek arteaz hitz egiten dute Museoaren Bilduman obraren bat daukaten zenbait artistarekin.

Oraingo honetan, Esther Ferrer artista entzutetsuaren ibilbide profesionalean murgildu dira haren obraren giltzarrien bila, eta hizpide izan dute performanceak, gorputzak eta denboraren joanak adierazpen-modu gisa artistaren lanean izan duten garrantzia.

Elkarrizketarako, Parisko bere estudiotik aritu da Esther Ferrer, eta Guggenheim Museotik, aldiz, bertako arte-arduradun Lekha Hileman. Ferrerrek kontu ugari izan ditu mintzagai, esate baterako, ZAJ taldean izandako parte-hartzea, performancean emandako lehen urratsak, eta feminismoak bere bizitza artistikoan zein pertsonalean duen garrantzia. Solasaldian azaldu duenez, zenbaki lehenak interesatzen zaizkio artistari, baita aulkia obrak sortzeko inspirazio-iturritzat erabiltzea ere.

Lekha Hileman Waitoller 2019ko urrian hasi zen Museoan lanean arte-arduradun gisa, Chicagoko Art Institute-tik etorri ondoren. Egun, 2021erako bi erakusketa prestatzen ari da. Ferrerekin izandako elkarrizketaren bideoa eskuragarri dago Museoaren webgunean eta sare sozialetan.

Guggenheim Museotik aurreratu dutenez, apirilean Peio Irazu eta Lucía Agirre izango dira ekimeneko protagonistak. Lucía Agirre 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketez arduratu da, besteak beste: ‘Olafur Eliasson’ (2020), ‘Thomas Struth’ (2019), ‘Marc Chagall’ (2018) eta ‘Bill Viola’ (2017). Peio Irazu eskultore andoaindarra elkarrizketatuko du, Euskal Herriko eskulturagintza berriztatu duen belaunaldiko partaide nabarmenetako bat.