NAIZ

Komisario Berriak 2021 deialdian parte hartzeko epea zabalik dago

Tabakalera, Alondegia, Artium eta Lakuako Kultura Sailak sustatzen duten Komisario Berriak programan parte hartzeko epea zabalik dago. Komisariotzaren praktika garatzea eta profesional berriak sortzen eta finkatzen laguntzea da ekimenaren helburua. Apirilaren 15ean amaitzen da epea.

Apirilaren 15era arte dago proposamenak aurkezteko aukera. (NAIZ)
Apirilaren 15era arte dago proposamenak aurkezteko aukera. (NAIZ)

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Bilboko Alondegiak, Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Lakuako Kultura sailak elkarrekin antolatzen duten Komisario Berriak 2021 proiektuaren deialdian parte hartzeko epea irekita dago, apirilaren 15era arte. Komisariotzaren praktika garatzea eta profesional berriak sortzen eta finkatzen laguntzea da ekimenaren helburua.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 30.000 euro bideratuko ditu deialdira, hau da, gehienez 10.000 euro proiektu bakoitzera. Aurten, 2020an bezala, hiru bekaz osatutako deialdia aurkeztu da, hau da, zentro laguntzaile bakoitzeko beka bat, eta bakoitzak bertako jarduerari lotutako lan ildo berezi bat proposatuko du.

Hain zuzen, Artium Museoaren kasuan, komisariotzaren dimentsio historiko eta narratiboaren garrantzia biltzen duten praktika kuratorialak ikertzea eta garatzea da xedea. Praktika artistikoen testuingurua garatzeko garrantzitsuak izan diren azterlan espezifikoen kasuak, artisten ibilbideak, testuak, erakusketak, espazioak eta bestelako ekimenak lagunduko dira.

Alondegiari dagokionez, kultur kuradoretzaren aldeko apustua egin du, eremu zabal bat hartuz. Proposatu duen komisariotzak ikuskera artistiko jakin bat du, zeinaren arabera erakusketak edo beste edozein gailuk edo metodologiak funtzionatuko baitu diziplina batetik bestera igarotzeko kapitulu gisa, betiere aurretiazko ikerketen eta ezagutzen eraginpean.

Azkenik, Tabakalerak formatu digitalean oinarritutako proposamena egin du. Eremu digitalerako sareko erakusketak, mikroguneak, esku hartzeak, argitalpenak edo arte sorkuntza digital berriak garatuko dituzten proiektu kuratorialak bilatzen ditu.

Komisario Berriak 2021 deialdia komisariotzaren esparruan interesa eta profesionaltasun bokazioa duten pertsonei zuzenduta dago, hala nola historialariak, artistak, komisarioak eta nazioarteko ikertzaileak edo ikerketa arloko bestelako profesionalak.

Interesa dutenek hiru zentroetako bat aukeratu beharko dute proiektua aurkezteko. Pertsona berak ezin izango du proiektu bat baino gehiago aurkeztu zentroetara. Eskabideak aurkezteko epea astelehen honetatik apirilaren 15er a arte egongo da zabalik. Deialdiaren baldintzak Artium, Alondegia eta Tabakaleraren web orrietan kontsulta daitezke.

Proiektu honen jatorria Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzan dago. Komisario Berriak programa, Artiumekin eta Montehermoso Kulturunearekin (Gasteiz), Alondegiarekin (Bilbo) eta Tabakalerarekin (Donostia) lankidetzan sustatu zen, komisariotzari lotutako lanbide karrerari ekin nahi zioten gazte interesdunei laguntzeko.

Kultur Hiriburutza amaitzean, sustatu zuten erakundeek testuinguru horretan sustatutako proiektu batzuekin jarraitzea erabaki zuten, eta Komisario Berriak legatu horren barruan hautatutako bat izan zen.