NAIZ

Bidasoa-Logroño eta Cisne-Anaitasuna, asteazkeneko menua Asobal Ligaren itzuleran

Irundarrak sailkapenean bigarren daude eta errioxarrak laugarren, Europako postuak lortzeko neurketa benetan garrantzitsuan (18.00). Nafarrek, aldiz, azken sailkatuari egingo diote bisita, garaipenaren bidera itzuli eta gora begiratzeko helburuarekin (20.00).

Jacobo Cuetarak bere taldea «gogotsu» dagoela adierazi du (Gorka RUBIO / FOKU)
Jacobo Cuetarak bere taldea «gogotsu» dagoela adierazi du (Gorka RUBIO / FOKU)

Bidasoa-Irunek ez du partida erraza izango asteazken honetan Artalekun (18.00, LaLigaSportsTV) Asobal Ligara itzultzeko. Kopako azken fasea jokatu eta selekzioen neurketek eragindako geldialdiaren ondoren, irundarrek Logroño talde indartsua izango dute aurkari ligako 23. jardunaldian.

Bidasoa bigarren dago sailkapenean 33 punturekin eta errioxarrak laugarren 28rekin. Europako postuen lehia gori-gori dago eta ezin da ahaztu aurreko jardunaldian gipuzkoarrek Huescaren aurka porrot mingarria jaso zutela (29-23).

Min hartutako jokalari asko izan zituen Jacobo Cuetara entrenatzaileak egun hartan, eta gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, denak hasiak dira taldearekin entrenatzen, baita Kauldi Odriozola eta Nico Bonanno ere. Hala ere, argi utzi du gauza bat dela entrenatzen hastea eta bestea lehiaketa erritmo egokia hartzea.

«Hiru egoera daude horrelako prozesuetan: jokalariak berreskuratzea, oso ondo goaz horretan, talde medikuaren lan onari esker; bigarren fasea, entrenamendu erritmoa lortzea, galdu egin genuena eta erregulartasuna ematen duen euskarria dena; eta, azkenik, sasoi puntua ematen duena, lehiaketa erritmoa. Lehenengoa berreskuratu behar dugu. Gero, bigarrena iritsiko da, eta, azkenik, hirugarrena», azaldu du Cuetarak.

Logroñok ere arazo asko izan ditu. Oswaldo eta Ceretta, adibidez, min hartuta daude eta ez dira Irunen izango. Ezta Sikosek pibotea ere, Frantziako Ligara alde egin baitu. Eta Hackbarth eta Rangel brasildarrek arazo handiak izan dituzte selekzioarekin jokatu ostean Logroñora itzultzeko eta ez dira taldera batuko azken unera arte.

Hala ere, goi-mailako kirolean alferrik izaten da da aitzakiak ipintzea, eta Bidasoak daukanarekin egin beharko dio aurre punta-puntan urte asko daramatzan Logroñori. «Urtero bezala, sailkapeneko goiko postuetan dago, talde handia da, eskubaloi oso ona jokatzen duena. Jokoari dagokionez bere ezaugarriak ditu, eta hamar bat denboraldi daramatza hor goian, aurkariekin aldeak markatuz», goraipatu du Cuetarak errioxarren azken urteetako ibilbidea.

Entrenatzaile asturiarraren esanetan, eskubaloira jokatzeko bi estilo desberdinen arteko talka izango da Artalekun biziko dena: «Oso neurketa polita izango da. Ikusi egin beharko da zein joko-mota ateratzen den nagusi, defentsak edo erasoak inposatzen diren... Partida txiki asko egongo dira 60 minutuetan zehar».

Aukera ederra Anaitasunarentzat

Helvetia Anaitasunak ere gaur berrekingo dio Ligari, kasu honetan sailkapeneko azken postuan dagoen Cisne taldeari bisita eginez (20.00, telebistarik gabe). Aukera aparta da nafarrentzat garaipenaren bidera itzuli eta sailkapenean aurretik dituen taldeei (Ademar eta Puente Genil) presioa sartzeko. Jarraitzaile baikorrenek asteburura ere begiratuko dute, larunbatean azkenaurreko postuan dagoen Villa de Aranda jasoko dutelako iruindarrek etxean. Laugarren sailkatua lau puntura bakarrik dago…

Baina badaezpada hobe izango da gehiegi ez amestea, Quique Dominguez entrenatzaileak bere prentsaurrekoan eskatu duen moduan. «Oso talde borrokalaria izango dugu aurrean, eta beste hainbat bertute ere badituena. Azken postuan daude, egia da, baina ongi lehiatzen dute eta neurketa askotan garaipenetik gertu ibili dira. Gogorra izango da», ohartarazi du galiziarrak.

«Jokalariak lehiaketari ekiteko gogotsu daude, badakigu zer daukagun jokoan. Gure onena ematen saiatuko gara partida zaila daukagula jakinda», gehitu du Dominguezek.