Jon Ormazabal

Ibai Perez, palaren gailurrera heltzeko modu desberdin bat

Sestaokoa da, pilotaren historia modernoan bederen, eskuz eta palaz profesional izan den pilotari bakarra eta bere zazpigarren urtean ibilbideko bigarren buruz buruko txapela jantzi zuen Esteban Gaubekari gailenduta.

Ibai Perez, bere ibilbideko bigarren buruz buruko txapela buruan duela. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Ibai Perez, bere ibilbideko bigarren buruz buruko txapela buruan duela. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Frontoi batean sartu zen lehen egunetik, eta onartzen duenez ia ibiltzen ikasi aurretik hasi zen pilotan, Ibai Perezek oso argi izan du beti bera pilotari «desberdin» bat dela. Ez da erabat harritzekoa, frontoian ezkerra den arren, egunerokoan eskuina baitu eskurik trebeena, idazterakoan, jaterakoan edota ping-pongean aritzen denean. Bere ibilbidea ere ez da batere ohikoa izan, baina ohiko bidetik izan ez bada ere, pala bezalako diziplina zail batean gorenera heltzea lortu du, larunbatean bere lagun Esteban Gaubekaren aurka bere buru buruko bigarren txapela jantzi ostean.

«Nik uste dut lehenak baino gustu hobea duela lehen honek, lau urte eman baititut final bat jokatu, eta gainera irabazi ahal izan arte, eta oso  ez dago hobeto egoterik», aitortu zuen sestaoarrak Gaubekari historiarekin zuen zita atzeratu ostean. Aurretik 2017an Ibargarairi irabazita estreinatu zuen bere palmaresa, bide batez, pala eta eskua bateraezinak zirenaren mitoa erabat baztertuz.

Egia esan, urteak zeramatzan Ibai Perezek uste hori ezerezean utziz, ez alperrik, 2006an, 15 urte zituenean, Euskal Ligako paletako txapeldun eta eskuzko txapeldun orde irten baitzen, finala Peñas nafarraren aurka galduta. Bide horretan, berebiziko garrantzia izan zuen Xabier Sainz de la Maza, Sestaoko Lagun Artea eskolako arduradunak. Antza denez, honek ere beti gustukoa izan omen du korronte nagusiaren aurka igeri egitearena eta betidanik pilota eskola integralak, pilotaria modalitate guztietan jokatzeko gaitasunak garatuko dituenak defendatu ditu eta, hala, ohikoa da Las Llanaseko frontoian eskuz eta paletaz aritzen diren haurrak ikustea.

Eskuaren tiradizoa

Lehen urte haietan, ordea, eskuak tiradizo handiagoa izan zuen Ibai Perezentzat eta 2008an jubeniletako Baque sariaren finalean, partida handi batean, Gorka Esteban gailendu ostean, 2019an Asperen deia izan zuen profesionaletara jauzia emateko. Mikel Urrutikoetxeak baino egun bat lehenago eman zuen jauzia, baina Zaratamokoarenak ez bezala, bere ibilbideak soka motza izan zuen. Eskuek ez zioten erantzun eta bere ibilbideak urtebete baino ez zuen iraun.

Kolpe latza izan zen, eta gaur egun ere eskuek minduta jarraitzen omen dute, horregatik, tenisean erabiltzen duten "grip-a" jarri behar izaten dio palari jokatzen jarraitu ahal izateko.

Baina frontoiak ez zuen erabat erakarmen indarra galdu. Urte batzuz udako zenbait txapelketetan aritu zen paleta eta teniseko pilotekin antolatzen ziren txapelketetan, Asier Del Horno futbolari izandakoarekin kalitate handiko bikotea osatuz. Lauzpabost urte eman zituen horrela, Xabier Sainz de la Mazak pala motzean proba egiteko konbentzitu zuen arte. Denbora gutxi behar izan omen zuen jokamoldera ohitu eta oso denbora gutxian Bizkaia eta Euskadiko txapelak jantzi zituen eta urtebete ostean Innpalak profesional izateko ateak ireki zizkion.

2014 urrian egin zuen profesional gisako bere bigarren debuta, bere bigarren etxea izan duen Las Llanas pilotalekuan, larunbateko finalean arerio izan zuen Esteban Guabekarekin bikote eginez. Arimntzako Oilarrari ez zion larunbatean bere zazpigarren txapela jantzita, historian sartzen utzi, baina berak bai egin zuela bere erara, era berezi batera, ezinezkoa zirudiena egikaritzen.

Izan dira, Javi Urriza irundarra –palaz hasi eta erremonteko egungo pilotaririk handiena izatera heldu dena– edo Innpalan kide duen Iker Gordon –palaz profesional izan aurretik frontoian edota trinketetan txapelak irabazi zituena– bezalako kasuak, baina inor ez zen bi modalitateetan profesional izatera iritsi. Are gutxiago, buruz buruko bi txapel irabaztera, ohiko bidettatik urrun.