NAIZ

Motxiladun umeak dauden herrietan ekimenak egingo dituzte larunbat honetan

Zoriontasunaren Nazioarteko Eguna delarik, etxetik urrun diren euskal presoen seme-alaben egoerari konponbidea emateko aldarria kalera aterako da larunbat honetan, martxoaren 20an, zenbait herritan.

Jardunaldi honetarako zabaldutako karteletako bat. (Sare)
Jardunaldi honetarako zabaldutako karteletako bat. (Sare)

Espetxe politikak «motxiladun haurrak» direlakoei eragiten dien kalteaz ohartaraziko dute hurrengo larunbatean, martxoak 20, zenbait herritan. Arazo hori pairatzen den udalerrietan ekimenak prestatzen ari dira, sare sozialen bitartez jakinarazi dutenez.

‘Plazak bete motxilak hustu’ leloarekin Bilboko Casilda Parkeko pergolan biltzeko deia egin dute, esaterako. Bertakoa da Irati Zapirain Etxebarria, hiru urte betetzearekin batera pasa den hilaren 8an preso diren gurasoengandik banatua izan zen umea. Aranjuezen ditu aita eta ama. Ostiralean jakinarazi zuen Espetxe Zuzendaritzak Kantabriako El Duesora eramango dituztela baina honek arazoa arindu baino ez du egingo, konponketarik ekarri gabe.

Aurreratzen ari denaren arabera, Orio, Elorrio, Algorta, Durango, Ugao, Zornotza edota Lasarte dira larunbatean aldarri hau zabaltzeko ekimenak egingo dituzten beste herri eta hiri batzuk. Lasarten zein Elorrion lehenago egingo dute.

 

Zoriontasunaren Nazioarteko Egunarekin batera antolatu da jardunaldi hau, ume eta nerabeen ongizatea bermatzea helburua nagusia baita.