NAIZ

Zamudio, Zierbena eta Olaberria, EAEn biztanleko BPGrik handiena duten udalerriak

Zamudio udalerriak du EAEko biztanleko Barne Produktu Gordinik (BPG) altuena, Zierbenaren eta Olaberriaren aurretik. Araban, Berantevilla izan zen biztanleko BPGrik handiena zuen udalerria, eta EAEn zazpigarren, Eustat estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

Zamudiok industria jarduera handia du. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Zamudiok industria jarduera handia du. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Eustat estatistika erakundeak EAEko biztanleko Barne Produktu Gordin (BPG) altuena duten udalerrien sailkapena eguneratu du. 2018koak dira erakunde horrek jaso dituen azken datuak. Horren arabera, Zamudiok jarraitzen du sailkapenaren buruan. 

Biztanleko BPG handiena duten hamar udalerrietatik zazpik izaera industrial nabarmena dute.

Zamudioko enpresa ehuna antzera banatuta dago sektore industrialaren (%44,7) eta zerbitzuen (%50,8) artean. Hori gertatzen da, batez ere, udalerrian manufaktura enpresa ugari daudelako (bereziki garraio materialaren ekoizpenari lotutakoak), baita industriari oso lotutako zerbitzu teknologikoetako enpresak ere.

Sailkapenaren bigarren postuan Zierbena dago. Hazkunde garrantzitsua izan du 2017rekin alderatuta, batez ere energia elektrikoaren ekoizpen eta banaketa sektorearen balio erantsi gordinak gora egin duelako. Horren ondorioz, industria eta energia sektorea %79,0 izan da udalerriko jarduera osoan.

Hirugarren postuan dagoen Olaberriak ere industria izaera nabarmena du (%81,4), eta manufaktura zatia gailentzen da, bereziki siderurgia adarra eta erabilera orokorreko makineriaren produkzioa.

Udal BPG handiena duten udalerrien artean, eta industria jarduera nagusi dutenen aurrekoak ez bezala, Loiu eta Derio ere ageri dira, zeinetan zerbitzuen sektoreak baitu pisurik handiena: %71,4 Loiun, aireportu jarduerari atxikitako zerbitzuei esker, besteak beste, eta %83,4 Derion, non oso garrantzi handikoak diren jarduera profesionalak eta informazio eta komunikazioetako zerbitzuak.

Hiriburuei dagokienez, Donostiak izan zuen 2018an EAEko biztanleko BPGrekiko posizio erlatibo altuena, 119ko indizea, hau da, bere biztanleko BPG EAEko batez bestekoa baino %19,0 handiagoa izan zen. Gasteizen 103ko indizea izan zen, eta Bilbon, berriz, 100ekoa, EAEko batez bestekoan.

EAEko hiru hiriburuetan zerbitzuetako jarduerak dira nagusi, eta horien artean nabarmentzekoak dira higiezinen jarduerak, ostalaritza eta administrazio publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuak. Zerbitzuen sektoreak jarduera ekonomiko osoaren %90,0 inguru hartzen du, bai Bilbon (%90,8), bai Donostian (%88,6), baina zertxobait gutxiago Gasteizen (%68,3).

Gasteizen, industriaren sektoreak pisu handia du (%26,5) beste bi hiriburuen aldean, eta EAEko batez bestekoa baino handiagoa du (%24,1). Arabako hiriburuan industriaren sektoreak duen pisua sutomobilgintzan eta kautxuzko produktuen fabrikazioan oinarritzen da. Industria sektoreak, ordea, pisu txikiagoa du Donostian (%4,7) eta Bilbon (%4,1).