Maider Iantzi Goienetxe

Ana Urkizak euskal balioez hausnartzen jarri ditu hainbat sortzaile ‘Garen hori’ saiakeran

«Tradiziotik modernitaterako iraganbidean» gauden honetan, euskal balioen lanketa sortzaileekin egitea dagokigula aldarrikatu du Ana Urkiza ‘Garen hori’ saiakeraren idazleak. Gogoetarako gonbitea da liburua, hamasei elkarrizketaturen ekarpen «franko, fresko eta kritikoz» osatua.

Ana Urkiza idazlea eta Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. (Jon URBE/FOKU)
Ana Urkiza idazlea eta Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. (Jon URBE/FOKU)

Ana Urkiza idazle eta Eusko Ikaskuntzako lehendakariak `Garen hori´ (Elkar) saiakera aurkeztu du. Euskal balioez eta izaeraz hainbat sortzailek egiten dituen gogoetak jasotzen ditu, irakurlea ere hausnartzera gonbidatzeko.

«Liburua oso zabala da, baina mezu bat eman nahi dut: trantsizioan gaude. Oinarritzat genituen balioak, euskal izaera balizko hura, aldatzen ari direla konturatu gara eta oinarri horiek mugitzen sumatzeak ziurgabetasuna dakar. Batzuk iraganean goxo baina ziur daude, besteak etorkizunera jauzi egin ezinik ainguraren pisua handiegia zaielako. Aurrerabide hori gelditzen ari gara, beraz, nahita eta nahi gabe», adierazi du Urkizak prentsaurrekoan. Gaur egungo Euskal Herriaren balioei dagokienez, «tradiziotik modernitaterako iraganbidean gauden honetan», lanketa sortzaileekin egitea dagokigula aldarrikatu nahi izan du.

Horretarako ekarpena da `Garen hori´. Zortzi sortzaileri egindako elkarrizketak biltzen ditu: Irati Jimenez idazlea, Carmelo Ortiz de Elguea pintorea, Jon Maya Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektoa, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Carlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolaria.

Elkarrizketa horiek osatzen dute liburuaren zati nagusia, eta horiei gehitzen zaizkie lehen lerroko komunikatzaileak diren beste hainbat adituren gogoetak: Josu Bergara (publizitatea), Eduardo Apodaka (filosofia), Elixabete Garmendia (kazetaritza), Olatz Legarda (kirola), Ximun Fuchs (antzerkia), Iraia Oiartzabal (moda), Elena Arzak (sukaldaritza) eta Iñigo Ucin (enpresa).

Idazleak argitu duenez, horietako inor ez da etorri besapean balioen dekalogo batekin, baina denak etorri dira hausnarketa bat eginda, beren ibilbidean tokatu zaielako `euskal´ hori azaldu beharra eta enbaxadore izan beharra.

Apalak besteen lanarekiko ere, eta antisentimentalak

«Liburuan ez dira balio horiek zerrendatuta agertzen, baina bai agertzen dira. Eta primizian partekatu nahi ditut zortzi», agertu du. Honakoak dira: herri izateko eta irauteko borondatea; euskara eta euskal kulturak egiten gaitu euskaldun; auzolana, kooperazioa, elkarlana, elkartasuna eta kooperatibismoa; erronkazaletasuna, berrikuntza eta ekintzailetza; lanarekin lotutako kalitatea, bikaintasuna, zintzotasuna, koherentzia eta konpromisoa; berdintasuna, ez generoarena bakarrik, politiko eta soziala ere bai; gastronomia; eta ahozkotasuna eta bat-batekotasuna.

Euskal izaerarekin lotuta, berriz, honako hitzak erran dituzte sortzaileek: lanarekiko harrotasuna; eraldatzeko gaitasun mugagabea; erresilienteak gara; lotsatiak gara, diskretuak, apalak, ez bakarrik gure lanarekiko, besteen lanarekiko ere bai –«izugarri kostatzen zaigu aldamenekoak gauzak ongi egiten dituela esatea eta esaten dugunean jada beranduegi da, normalean hiltzen direnean egiten ditugu omenaldiak»–; komunikatzaile txarrak omen gara, eta antisentimentalak.

Saiakeran jasotzen diren hausnarketen adibide gisa, hona Irati Jimenezek aurkezpenean egin duen hau: «Oso modu zurrunean tratatzen dugu euskara. Geu ere zurrunak gara. Askotan jartzen dugu hizkuntza patologoaren mahaian. Literaturaz ari garenean ere ez dugu literaturaz hitz egiten, hizkuntzaz hitz egiten dugu. Organikotu egin behar dugu, hats hori, musikalitate hori da idazleok bilatu behar duguna; hor dago bizitza. Belarriarekin idazten ikasi behar dugu».