NAIZ

Etxerik gabeko 1.635 pertsonak laguntza jaso zuten EAEko hiriburuetan konfinamenduan

13.000 pertsona baino gehiago izan ziren 2020an Inor Atzean Utzi Gabe Covid Funtsean garatutako zortzi programen onuradun. Aterpeak programak konfinamenduan lekuak gaitu zituen etxerik ez zuten pertsonak hartzeko. 1.635 pertsonak jaso zuten laguntza hiru hiriburuetan.

Etxerik gabeko lagunak Gasteizko frontoi batean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Etxerik gabeko lagunak Gasteizko frontoi batean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Etxerik gabeko 1.635 lagunek laguntza jaso zuten EAEko hiriburuetan Aterpeak programari esker. Hala adierazi du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Inor Atzean Utzi Gabe Covid Funtsaren balantzea egin duenak.

Gasteizen egindako ekitaldi batean azaldu duenez, 13.000 personak baino gehiagok jaso dute laguntza funts hori osatzen duten zortzi programei esker. Eta beste 63.000 izan dira gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradun.

Programen artean agertzen dira Aterpeak, lehen aipatutakoa, eta Guztion Artean, laguntza bideratu ahal izateko antolatu zen elkartasun-sarea. 1.561 boluntariok parte hartu zuten eta 2.295 esku-hartze egin zituzten, besteak beste, medikamentuak, jatekoa edo higiene-produktuak erostea eta zaborra batzea.

Halaber, funts horri esker ADI, laguntza sikologikoa eskaintzen duen programa, martxan jarri zen. 511 pertsonak jaso zuten arreta 2020an. Eta Betirako programari esker, konfinamenduan familiartekoren bat galdu duten 402 pertsonak edo familiak jaso zuten arreta.

Azken Sarea Indartzen programari dafgokionez, baliabide gabezia duten eta gizarte-larrialdietarako laguntzetara eta diru-sarrerak bermatzeko errentara jo ezin duten pertsona eta familien oinarrizko beharrei erantzun zen iaz, eta 7.621 prestazio izan ziren.

EAEko erakundeek ere Erdu, adikzioetan hurbiletik esku hartzeko programa, garatu zuten konfinamenduan. Iaz, 832 pertsonari eman zien arreta, unitate mugikorretan eta telematikoki.

Aukerak Suspertzen, eskolaz kanpoko hezkuntza-indargarrirako programa da, eten digitalaren eraginpean dauden ikasleei zuzendua. 2020an, 928 familiari eman zien arreta, haietatik heren bat gurasobakarrak. Guztira, 1.114 umeri.

«Harro nago funts horretatik sustatu diren zortzi programa horiez; izan ere, haien bidez pertsona zehatz batzuetara iritsi gara, bizi-proiektuak eta etorkizunerako nahiak dituzten pertsonetara, zeinek ez baitute beren ideia zapuztuta ikusi behar pandemiaren eraginez», esan du Artolazabalek.

2021ean, pandemiaren gizarte-ondorioen aurkako funtsean jasotako programetatik bostek aurrera jarraitzen dute, eta 8,6 milioi euroko aurrekontua dute.