NAIZ
DURANGO

1937ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldi ezberdinak Durangon, martxoaren 31n

1937ko martxoaren 31ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak aurkeztu dituzte herriko hainbat elkartek eta Durangoko Udalak. «Ez dago etorkizunik iragana ezagutu gabe», adierazi dute.

1937ko martxoaren 31ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak aurkeztu dituzte Durangon. (DURANGOKO UDALA)
1937ko martxoaren 31ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak aurkeztu dituzte Durangon. (DURANGOKO UDALA)

Durangoko Udalak eta herriko hainbat elkartek 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak aurkeztu dituzte. Osasun arrazoiengatik iazko edizioaren programazioa bertan behera geratu ondoren, aurten antolatzaileek egungo egoerara egokitzea erabaki dute.

«Ez dago etorkizunik iragana ezagutu gabe. Eta erakunde publiko gisa, behartuta sentitzen gara belaunaldi berriei ezagutzera ematera gure senideek duela 84 urte jasan zuten bonbardaketa lazgarri hura», adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak. «Memoria historikoa ez da bonbardaketa hartara mugatzen, gerora herri gisa jasan behar izan genuen errepresio guztia barne hartzen du», gehitu dute.

Ikastetxeetako ikasleentzako hitzaldi eta tailerrez gain, Arte eta Historia Museoak ‘Anzola, euskal Robert Capa: Durangoko bonbardaketaren argazkiak atera zituen gudaria’ izeneko erakusketa izango du martxoaren 28tik maiatzaren 30era.

Hilaren 31n, bonbardaketaren urteurrenean, hainbat ekitaldi izanen dira.

12:00etatik 19:00etara bonbardaketaren lekukoen testigantzak bilduko dituzten bideoak proiektatuko dira Andra Mari elizpean. Ikastetxeetako ikasleak Martxoak 31 Batzordeko kideekin eta udal ordezkariekin batuko dituen adierazpen bat ere proiektatuko da.

19:30ean, berriz, bonbardaketaren biktimen oroimenez ekitaldi bat egingo da Andra Mari elizpean.