Jon Ormazabal

Lehen bi postuak borrokatzeko nahia eta jokoa erakutsi dituzte Peña eta Albisuk (15-22)

Ataundarra Zabaletari bizkarra erakusteko gai izan den lehen pilotaria izan da eta tolosarra ere Elezkano baino gehiago izan da, batez ere partida hasieran.

Jon Ander Albisu Zabaletari bizkarra erakutseko gai izan da. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Jon Ander Albisu Zabaletari bizkarra erakutseko gai izan da. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Orain gutxi bestelakorik ematen bazuen ere, lehen bi postuetan sailkatzeko borroka ere estua izango da, Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuk lehia horretan egoteko gogoa eta, bereziki, jokoa dituztela erakutsi baitute Elezkano-Zabaletari nagusitasunez (15-22) gailenduta.

Lehen itzulian Labriten gertatu bezala, hasiera erabakigarria izan da, Baikokoak askoz hobeto sartu dira partidara eta alde polita lortu dute, baina partidan zehar ere nagusi izan dira, bai atzean eta baita aurrean ere. Gaurko garaipenarekin, Peña-Albisuk Altuna-Mariezkurrena sailkapenean harrapatu dituzte –Aspekoek, Berriozarreko atzelaria bertan izango dela, astelehenean jokatuko dute Getarian Urrutikoetxea-Imazen aurka– eta hurrengo jardunaldian elkarren aurka arituko dira Eibarren, beraz, oraindik dena da posible, elkarren arteko averagea erabat izango delako gipuzkoarren aldekoa, hurrengo igandean irabazteko gai badira.

Baina eurentzat onak diren zenbakiez harago, gaurko partidan emandako maila bikainak izan beharko luke tolosarraren eta ataundarraren esperantzarako elikagaia. Izan ere, egia da gaurkoa ez dela Elezkano-Zabaletaren egunik onena izan, –atzelariak huts batzuk egin ditu hasieran eta gero beldurrez bezala aritu da besoa luzatzeko– baina urdinek ere asko egin dute hori hala izan zedin.

Albisu nagusi

Partidaren giltza nagusia atzeko koadroetan egon da non, Jon Ander Albisu orain arte Zabaletari bizkarra erakusteko gai izan den lehen atzelaria izan den. Duela pare bat aste izan zuen ataundarrak halako egun txar bat, baina txapelketa izugarria osatzen ari da eta ostiral honetan ere Zabaletari aurre egiteko gai den bakarrenetakoa dela berretsi du. Agindu egin du, piloteoan eta kantxaren gainean gutxi galdu, eta defentsan ere apenas erakutsi du ahuldaderik.

Eta goierritarraren seriotasun horri, ezin hobe egokitu zaio Jon Ander Peñaren lotsagabekeria eta piperra. Titular gisa ari den bere lehen Binakakoan, bere atzelaria ematen ari zaion berme osoarekin, ausart eta emankor ari da jokatzen tolosarra, gaurkoan hemerotekarako pare bat tanto ere utzi ditu eta elkar oso ondo hartzen duten bikotearen itxura eman dute lehia guztian. Irregulartasuna izan daiteke euren arrisku handiena, orain arte ondo eutsi diote, baina horrela jarraituz gero, edonori irabazteko gaitasuna dute.

Elezkano eta Zabaletak lider jarraituko dute beste astebetez eta hurrengo astean Urretxun Urrutikoetxea-Imazi irabazita barruan izango dira, baina gaur orain arte erakutsi ez dituzten gabeziak azaleratu dizkiete Peña-Albisuk. Azkar aurreratu dira gipuzkoarrak markagailuan (1-7), eta normalean beti piloteoan agintzera ohituta, ezinean aritu dira partidaren erritmoa aurkariek jarrita. Izan dute, batez ere aurkariek egindako opariei esker, 17-13 gerturatu diren une bat, baina garaipenetik inoiz baino urrutiago egon dira gaur.

 

FITXA TEKNIKOA:

Elezkano-Zabaleta: 15

Peña II-Albisu: 22

Pilotakadak: 489. Iraunpena: 57,21 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-7, 2-7, 2-8, 3-8, 3-9, 4-9, 4-12, 6-12, 6-15, 8-15, 8-17, 13-17, 13-19, 15-19, 15-22. Sakeak: 0 Elezkano II.ak eta  2 Peña II.ak. Tantoak: 6 Elezkano II.ak, 1 Zabaletak, 9 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Hutsak: 5 Elezkano II.ak, 4 Zabaletak, 5 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Gorabeherak: Bilboko Bizkaian jokatutako partida, frontoiaren 10. urteurreneko jaiaren barruan.