NAIZ

Aragonesek gobernu akordioa lortzeko deia egin dio Kataluniako independentismoari

ERCren 90. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldian, Pere Aragones Generalitateko presidentegaiak JxCat eta CUP alderdiei gobernu akordioa lortzeko deia egin die, «luzamendurik gabe», Gobernu «indartsu eta eraldatzailea» ahalbidetzeko.

Aragones gaurko ekitaldian. (@Esquerra_ERC)
Aragones gaurko ekitaldian. (@Esquerra_ERC)

ERCk ekitaldi bat egin du larunbat honetan Bartzelonako Sants auzoan, eta bertan, Pere Aragones presidentegaiaz gain, Oriol Junqueras alderiko presidenteak, Marta Rovira idazkari nagusiak eta Marta Vilalta bozeramaileak parte hartu dute.

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidenteak inbestidura saioa atzeratzeko aukeraren aurrean, Aragonesek Kataluniako Gobernua osatzea ahalbidetuko duen akordio batera iristeko deia egin dio independentismoari, «lehenbailehen».

«Otsailaren 14ko hauteskundeek erakutsi ziguten gehiengo handiak daudela Katalunian; gehiengo ezkertiar, independentista, aurrerakoi eta errepublikanoa, pandemiak eragindako krisi honetatik irtenbide bat nahi duena. Gehiengo hori badago, egin dezagun gobernu errepublikar bat», esan du ERCko hautagaiak.

Halaber, hurrengo Gobernuak «borondate eraldatzailea eta indartsua» izan behar duela adierazu du, «pandemiari aurre egiteko, Estatuaren dinamika errepresiboa hausteko eta Kataluniako gatazkari irtenbide politikoa emateko».

Oriol Junqueras ERCko presidenteak bideokonferentzia bidez hartu du parte Lledonerseko kartzelatik, bertan baitago preso urriaren 1eko erreferendumagatik zigortu ostean.

Junquerasek ERC «Kataluniako alderdi nagusia» dela aldarrikatu du, eta bere 90. urteurrena alderdiko kideak kartzelan eta erbestean egotea «kasualitatea» ez dela nabarmendu du.

«Belaunaldiz belaunaldi egindako ahalegin guztiei zentzua eman behar diegu. Orain ez da kexatzeko edo damutzeko garaia, irabazteko garaia da», esan du Junquerasek.