ACB Ligako sailkapen nagusia «normala» balitz, igande gaueko 20.00etan RETAbet Bilbao Basketek eta TD Systems Baskoniak euskal derbia jokatzen dutela esango genukeen, baina Bilbao Basketentzat «normaltasun» hori tokitan geratu da aspalditik. Saski Baskoniak berea egiten dihardu bai etxeko lanetan nola Euroligan ere, eta beraz, faborito nahitaez jo behar da Bilbao Arenako partidari begira ere; hor ez dago zalantzarik, are gutxiago San Petersburgoko Zeniten aurka 18 puntuko aldeari buelta ematea lortu berritan.
Alabaina, Bilbao Basketek derbi bikoitza jokatu behar du jardunaldi honetan. Hasteko, Miribillakoa, eta Alex Mumbruren hitzetan, behar bezala iritsiko omen dira beltzezko gizonak lehiakor izateko asmotan sikiera.
«Kinielak eta kontuak egitea alperreko lana da, konprolpean izan dezakegun horretan zentratzearekin badugu nahikoa zeregin; alegia, hurrengo partida irabazten saiatzearekin», adierazi du Bilbao Basketeko entrenatzaileak.
Badalonako entrenatzailearen ustez, «maila mantentzeko saskibaloian ongi jokatu behar da, bururik eta pazientziarik galdu gabe. Egin dezakeen horretan zentratzen denak eutsiko dio mailari». Joan den domekan Estudiantesen aurka galdutako partidari buruz, aldiz, zera esan du: «Kosta egin zitzaigun gure betebeharra zein zen ulertzea, eta hala 15 puntuz atzetik jarri ginen. Taldea berregin eta amaiera estua lortu genuen bederen, galduta ere».
Gasteiztarrei so eginez, Bilbao Basketeko entrenatzaileak Baskoniaren «tamaina fisikoa» azpimarratu du. «Bi metro oinguruko gizonak dituzte postu bakoitzeko, eta horrek erasotzeko tarte gutxi lagatzen die aurkariei. Horrez gain, trantsizioan abiada bizian ateratzen dira. Ondorioz, beren mailan egon beharko dugu lehiakor izateko».
Dena den, ACB Ligako aurreneko fasea amaitzeko oraindik ere 11 jardunaldi falta direla aintzat hartuta, «lasai» omen dago Mumbru, «taldea astean lana bikain egiten ari baita», neurri baten min hartutakorik ez duelako –Tomeu Rigo izan ezik, baina honek aurten ez du gehiago jokatuko azaroan lesionatu zenez geroztik–.
Abiadura aldeko?
Bilbao Basketek aurten egin duen fitxaketa onenetako bat izaten ari da John Jenkins estatubatuarra. Hegalekoa azken jardunaldietan maila bikaina ematen ari da –batez beste 18 puntu azken hiru partidetan– eta hala espero du igandera begira ere.
«Entrenatzaileak defentsan hobetzeko eskatu dit, baloirik ez galdu eta baloia eskuan dudanean botearen bidez eraso aukera gehiago sortzeko». Hala ere, bere lana begi onez ikusten ari da. «Korrika eta presaka iritsi nintzen hona, baina otsailaz geroztik batez ere taldea dinamika barruan behar bezala txertatzea lortu dut».
Horrez gain, azken asteotan hegaleko handiagoen aurka egitea egokitu zaio Jenkinsi, eta igandeko derbian ere beste hainbeste egokituko zaio Giedraitis, Peters, Sedekerskis eta enparauen aurrean. «Aurkari oso gogorra izango dugu; nik neuk neroni baino dezentez handiagoak izango ditut aurrez aurre, baina tira, nik nire mugikortasuna eta abiadura baliatzea izango dut xede egoera nire alde eramateko».
Gipuzkoa Basket Fisac-en etxean
Bestalde, Acunsa Gipuzkoa Basketek Herbalife Kanaria Handia izango du aurkari igandean 13.00etan hasita –Euskal Herriko ordutegia–. Joan zen domekan, ezustean, Valentzia Basketi egurra eman zion talde donostiarrak Illunben eta 78-60 nagusitu zen. Ondorioz, Bilbao Basket eta Betisekin bat egitea lortu du talde gipuzkoarrak, nahiz eta average nahiko eskasa ian unetoan: Bilbao Basketen aurka galduta eta Betisen aurkako joaneko partida ere 74-62 galduta.
Kanaria Handia denboraldiko ezusteko tristeenetako bat ari da izaten. Donostian eta Zaragozan bereak eta bi egin ondoren, Porfi Fisac Kanaria handira joan zen tituluren baten borrokan edo taldea jarriko zuelakoan. Baina bai zera! Kanariarrek denboraldi benetan tristea daramate eta 9 garaipen baino ez dituzte pilatu. Donostiarrek domeka eguerdian irabaziko balute...
Baina ez da Gran Canaria Arena Gipuzkoa Basketi ongiegi doakion kantxa, eta horrez gain Illunben Fisac eta bere mutilak 65-79 nagusitu ziren. Slaughter, Albicy eta abarrak maila oneko jokalariak dira, baina fisac ez da gai izan bere ohiko «magia» egin eta taldea batzeko.
Aurkariak aurkari, Gipuzkoa Basketek ezetsitzea erabaki du, Valentzia Basketen aurka ikusi zen moduan. Hargatik oso «harro» azaldu da astean zeharreko prentsaurrekoan Marcelo Nicola entrenatzailea.
«Valentziaren aurka oso sendo aritu ginen eta bestela ere gure taldeak sekula ez du besorik jaisten», bota du entrenatzaile argentinarrak, «beti ere intentso jokatzen badugu», baldintzatu arren.
«Kontua ez da defentsa ona egitea bakarrik; izan ere, erasoan ez baditugu aurkariak emandako aukerak baliatzen, atzean egiten dugunarekin bakarrik, jai dugu».
Donostiarrek ere Miribillako derbia jokatu behar dute, noski, Obradoiro, Estudiantes eta Fuenlabradaren joan-etorriak ahaztu gabe, hiruek ere Gipuzkoa Basketek baino garaipen bakarra gehiago baitute. Oraindik asko dago jokoan, noski, baina 11 aukera horiek agortzen hasiko dira berehala erreakzionatu ezean.
Dario Brizuelaren mesedea
Esker oneko izan daitezte Bilbao Basket eta GBC Dario Brizuela donostiarrarekin, esaterako. Unicajak 83-85 irabazi dio Obradoirori «Donostiako manbak» azken segundoan lortu duen saskiratze bati esker.
Malagako taldea gaizki hasi bada ere, partidak aurrera egin ahala aurrea hartu du, baina bi segundoren faltan talde galiziarrak 83na berdintzea lortu du.
Fotis Katsikatsi Unicajako entrenatzaileak hutsartea eskatu du eta azkenengo jaurtiketa egitearen ardura Vrizuelarengan jarri du. Donostiarrak bere ohiko jokaldi bat egin du, barneraldia egiten hasi baina atzera pausu bat emanez –«step back» deritzona– oinak hiruko marraren ginean kokatu eta partida amaierako txirrinak jo baino unetxo bat lehenago bota du baloia, eta bera saskian garbi garbi sartu da, Unicajari garaipena emanez, eta laguntza bikain askoa eskainiz Bilbao Basket eta GBCri.