NAIZ

Ia 30 urte preso damaratzan Joseba Arregiren askatasuna aldarrikatu dute Martutenen

Jendetza bildu zen larunbat honetan Martutene kartzelaren aurrean Joseba Arregi Erostarberen askatasuna aldarrikatzeko. Sarek gogoratu zuenez, «gaur zortzi 75 beteko ditu Josebak, horietako ia 30 kartzelan. Asko da! Aski da! Aske behar du izan!»

Martutenen egindako elkarretaratzea. (NAIZ)
Martutenen egindako elkarretaratzea. (NAIZ)

Dozenaka lagun bildu ziren larunbat honetan Martuteneko kartzelaren aurrean Joseba Arregi Erostarberen askatusuna aldarrikatzeko. Preso oñatiarrak 75 urte beteko ditu eta 29 urte daramatza kartzelan, pasa den urtera arte lehen graduan egon da. Urritik hona bigarren graduan.

Sarek antolatu zuen atzoko ekimena, goiz hasi zena, Martutenetik urrun. Izan ere, goizeko 8.00etan bizikleta martxa bat atera zen Oñatitik. Ekimenean parte hartu zuten gainontzeko herritarrak 10.30ean atera ziren kotxez eta autobusez Eitziako aparkalekutik.

Guztiak bildu ziren Donostian dagoen kartzelaren aurrean, ekitaldi «xume bat» egiteko. «Gure babesa eta elkartasuna helarazteko, zuzenean, kartzelaren ataritik», azaldu zuen Sarek herritarrak sare sozialen bitartez zabaldutako mezuetan.

«Helarazi dizkiogu, bihotz bihotzetik, gure hitzak, bertsoak eta abestiak. Helarazio diogu baita guztion nahia: Etxean behar zaitugu, Joseba!», gaineratu zuen Sarek. Aipatutako mezuetan ohartarazi zuenez, «gaur zortzi 75 beteko ditu Josebak, horietako ia 30 kartzelan. Asko da! Aski da! Aske behar du izan!». 

Urte asko pasa dira atxilotua izan zenetik. 1992an atxilotu zuten Ipar Euskal Herrian, Bidarten. Hamar urteko kondena bete zuen frantziar Estatuan eta 2000. urteko azaroaz geroztik Espainiako kartzela ezberdinetan egon da preso. Gainera gaixorik dago preso oñatiarra.