NAIZ

Elkartasuna kultura eta kirol mundutik Tubacexen greban dauden langileei

Azken egunetan kultura eta kirol arloko hainbat aurpegi ezagunek elkartasuna helarazi diete hainbat aste greban daramatzaten Tubacexeko langileei. Itziar Ituñok, Pulpulek, Alex Sarduik eta Kerman Lejarragak adierazi diete haien babesa.

Itziar Ituño aktorea, artxiboko irudi batean. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Itziar Ituño aktorea, artxiboko irudi batean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

40 egun daramatzate greban Tubacexeko langileek, kaleratzeak gelditu nahian. Azken egunetan, sare sozialen bitartez, elkartasuna adierazi diete kultura zein kirol munduko hainbat aurpegi ezagunek.

Itziar Ituño aktoreak, «besarkadarik beroena» bidali die, eta «borroka barik ez dela ezer lortzen» gogorarazi. «Oso ausartak zarete. Segi horrela nahiz eta bidea luzea izan, arrazoia duzuelako. Defendatu zuen lanpostua. Urte asko eman dituzue bertan, onena ematen. Orain eurei dagoekie zuek sortutako onura bueltatzea. Zuena da! Gainontzekoak zuekin gaude», adierazi du Ituñok.

Roberto Gañan, Pulpul ezizenez eta Vallecaseko Ska-p taldearen ahotsa izateagatik ezaguna, ere batu da elkartasun olatura. «Madrildik, munduko elkartasun guztia, indarra eta animoa. Eta gogoratu galtzen den borroka bakarra utzi egiten dena dela».

Beste abeslari batek ere igorri die mezua. Gatibu taldeko Alex Sarduik «eusteko» eskatu die, «kaleratzerik ez» egitea aldarrikatu eta itxaropen mezu bat gehitu du. «Dena konpondu daiteke, borroka!».

Kirol mundutik, Kerman Lejarrega boxealari bizkaitarrak ere hartu du parte elkartasun kanpaina honetan. Europako txapeldun izandakoak, elkartasuna adierazteaz gain, «borroka bide bakarra dela» azpimarratu du.