NAIZ

Euskal Herriko 31 aurpegi ezagunek gidatuko dute aurtengo Aberri Eguneko ekimena

Euskal Herria Baterak ekimenak aurtengo Aberri Eguneko oinarri izango duen ikus-entzunekoaren aurrerapen bat zabaldu du eta bertan parte-hartu duten lagunen zerrenda plazaratu. Guztira, 31 aurpegi ezagun.

2021ean ere Aberri Eguna Euskal Herri osoan ospatuko da. Euskal Herria Batera ekimenak bultzatuta, ikus-entzunezko bat izango du oinarri, apirilaren 4ean, 12.30ean. «Une bat Euskal Herritarrok elkarrekin partekatzeko; une bat sintonizatzeko. Gure mugikorretan bozgorailuen bolumena igo eta emisioa sintonizatuz. Euskal ikurrak jarriz», azaldu zuten aurkezpen egunean antolatzaileek.

Gaur, egun horretan ikusi ahal izango denaren aurrerapen bat zabaldu dute eta bertan parte hartu dutenen zerrenda kaleratu. «Besteak beste, kantua izango da batuko gaituen keinuetako bat, izan ere, apirilaren 4ean 12:30ean, seinale bat zabalduko dugu hiru abesti jasoko dituena, denok elkarrekin kanta dezagun: ‘Gernikako Arbola’, ‘Txoriak Txori’, eta ‘Ikusi Mendizaleak’».

Seinale hori hainbat irrati eta telebistatan ere entzun eta ikusi ahal izango dute herritarrek, baita Interneten bidez ere.

Nerea Loron "La Furia", Dorleta Kortazar, Mirari Martiarena, Iker Villa, Mattin Rafu Ruiz de Alda, Garazi Hach Embarek, Josu Camara eta Gotzon Barandiaranek hiru abestietan hartu dute parte eta haietako bakoitzean beste hainbat aurpegi ezagun batu zaizkie. ‘Gernikako Arbola’ abesterakoan, Ainhoa Tabuyo, Amaiur Esparza, Ana Bejerano, Antxon Valverde, Aritz Rementeria, Ekaitz Etxezarreta, Endika Iriso, Erramun Martikorena, Fermin Balentzia, Gontzal Mendibil, Jean Leon Indart, Jon Enbeita, Julia Jimenez "La Txula Potra", Iratxe Aguilera "Kai Nakai", Irkus Robles, Mikel Markez, Niko Etchart, Pantxoa Karrere eta Peio Ospitalen laguntza izan dute, ‘Txoria Txori’ lantzerakoan Ane Badiola, Joxe Leon Amigorena eta Irati Odriozolarena eta, azkenik, ‘Ikus Mendizaleak’ abestian Xabi Solanorena.

Sorturen atxikimendua

Euskal Herria Bateraren ekimena atxikimenduak pilatzen ari da. Azkena, Sorturena. Alderdi independentistak apirilaren 4an herrietako plazak betetzera animatu du jendea, baita etxeko leihoetan ikurriñak nahiz Nafarroako banderak zintzilikatzera eta Aberri Egunarekin lotutako edukiak sare sozialetara igotzera ere.

«Iaz, etxealdi betean, leiho nahiz balkoietatik ospatu genuen Aberri Eguna, Euskal Herria Batera ekimenaren deialdiari jarraituz. Aurten, ekimen berak balkoietatik plazetara irteteko deialdiarekin bat egiten dugu. Apirilaren 4an, nazio gisa agertuko gara munduaren aurrean. 12.30ean, Euskal Herri osoan, une berean eta bat eginik, Euskal Herriaren burujabetza eta askatasuna aldarrikatuko ditugu, osasun neurri guztiak zainduta. Izan ere, bere burua gobernatuz herritarrak zainduko dituen herria izan nahi dugu», adierazi du.