Joseba Salbador Goikoetxea

Ibaietako isurketak ez dira urrutiko gertakariak

Urtea hasi zenetik, hiru isurtze larri gertatu dira Bizkaian eta Gipuzkoan eta talde ekologistek ikerketa sakonagoak eta erantzuleentzako isun handiagoak eskatu dituzte

Otsailaren 20an izandako isurketa, Urumea ibaian, Donostia parean.
Otsailaren 20an izandako isurketa, Urumea ibaian, Donostia parean.

Uraren Nazioarteko Eguna iristen denean ohikoa izaten da munduan zehar gertatzen diren ur eskasia edo kutsadura arazoak gogora ekartzea. Baina Euskal Herrian bertan, oraindik ere, ibaiek jarraitzen dute isurketa kutsatzaile larriak jasaten. 2021. urtea hasi zenetik, hau da, hiru hilabete eskasetan, hiru isurketa larri gertatu dira: Barbadun ibaian (Muskizen), Urumean (Donostian) eta Bidasoan (Irunen).

Lehenbiziko gertaera otsailaren 13an izan zen, larunbata. Egun hartan, Muskizko Petronor findegiak petrolio gordina isuri zuen Barbadun ibaira, bertako landare zein faunari kalteak eraginez. Kontuan hartu behar da eremu hori padura bat dela: ZEC Babes Bereziko Eremu deklaratutako naturgunea.

Muskizko San Juan auzoko bizilagun batek ohartarazi zuen hidrokarburo-usain handia zegoela, eta itsasadarraren bokaleraino iristen zela isurtzea, Pobeñan bizi zirenek egiaztatu zutenez. Isurketaren ondoren, Petronorreko arduradunek jakinarazi zuten neurriak hartuko zituztela isurketari eusteko eta zikindutako ura garbitzeko. Hala ere, egunak igaro ziren garbiketarik egin gabe, handik bi egunera isuriaren hondakinak garbitu gabe jarraitzen baitzuten.

Isurketatik hamar egunera, Bizkaiko Fiskaltzak ikerketa irekiko zuela jakinarazi zuen, Muskizko Elkarrekin Podemos taldeko zinegotziak salaketa jarri ondoren.
Ekologistak Martxan taldeak gardentasun falta salatu zuen Petronor enpresaren isurketa horren inguruan. «Ez dago batere argi faunan eta floran izan duen ingurumen-inpaktua, ezta kalteak ebaluatzen ari ote diren ere», salatu zuen. Hori dela eta, enpresari berari, URA agentziari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari azalpenak eskatu zizkien, baita erantzukizunak argitzea ere. Talde ekologistaren esanetan, ez da lehengo aldia horrelako zerbait gertatzen dela Muskizen. «Arena hondartzatik gertu kokatutako enpresen isurketa ugariren lekuko izan gara tamalez», azaldu zuen.

Horrez gain, elkarte ekologistak itsasertzeko ingurumenak jasaten dituen kalteak adierazteko urtero egiten duen “Bandera beltzak” txostenean sarri agertu da Muskizen kokatuko Petronorren petrolio-findegia. Ondorioz, horrelakorik berriz ez errepikatzeko neurri zehatzak eskatu dituzte ekologistek.

Donostian eta Irunen

Muskizeko isurketa gertatu eta hurrengo larunbatean, otsailaren 20an, beste isurketa bat izan zen Urumea ibaian, Donostia parean. Eguzki talde ekologistak jakinarazi zuenez, arratsaldeko lehen orduan, fuelak edo bestelako hidrokarburo batek sortutako orban handi bat agertu zen Martutenen. Baina Urumeakoa ez zen izan aste horretako isurketa bakarra. Izan ere, bi egun lehenago, Eguzkik Irungo Gal futbol zelaiaren ondoan gertatutako beste isurketa baten berri izan zuen.

Eguzkiren iritziz, «oraindik gehiegi dira ibaiak edozer irents dezakeela sinetsi nahi dutenak. Dena dela, harritzekoa ere ez da, alor honetan zigorgabetasuna ia erabatekoa dela kontuan izanik».

Izan ere, talde ekologistak salatu duenez, 2020an Donostiako Topoaren obretan izandako isurketak isun txiki batzuekin zigortu ziren. Lehen isurketa Morlans parean izan zen, eta gero beste bi izan ziren Easo plazaren inguruan. Bi lehenbizikoengatik 3.000 euroko isuna (2.400 berehala ordainduz gero) jarri zien Donostiako Udalak eraikuntza enpresei, eta, hirugarrenarengatik, 1.500 eurokoa (1.200 berehala ordainduz gero).

Eguzkik azaldu duenez, isurketa horiek «oso larritzat» jo ziren arren, isunak «txanpon gutxi batzuk besterik ez dira enpresentzat», batez ere «Zubieta kaleko matxuraren ondoren obrek izan duten gainkostuarekin alderatuta».

112 zenbakira deitu

Talde ekologistak gogorarazi du isurketa bat ikustean eraginkorrena 112 larrialdietako zenbakira deitzea dela, modu horretan «behar den protokoloa martxan jarri ahal izateko». Hori egin eta gero, isurketa ikusi duenak, nahi badu, Eguzkirekin harremanetan jartzeko aukera duela gaineratu du talde ekologistak, gertakariari ikusgarritasuna emateko, «ingurumenaren aurkako arau-hauste eta delitu hauek bistaratu egin behar direla uste dugulako».

Horrekin batera, ahal duen neurrian, gertakariaren jarraipena egiten saiatuko dela ere iragarri du Eguzki taldeak. Baina, horretarako, 112 larrialdietako zenbakira lehenbailehen deitzea «ezinbestekoa» dela gogorarazi du.