naiz

Ikerketa zientifikoa geroz eta gutxiagoren esku dagoela salatzera deitu dute EHUko doktoregaiek

«Prekarietaren aurka: ikerlarion lan baldintza duinen alde» lelopean, EHUko doktoregaien asanbladak elkarretaratzea deitu du martxoaren 24an Ibaetako kanpuseko aulariopean, 13.00etan.

EHUko doktoregaiak elkarretaratzera deitzeko egindako kartela. (EHUko DOKTOREGAIEN ASANBLADA)
EHUko doktoregaiak elkarretaratzera deitzeko egindako kartela. (EHUko DOKTOREGAIEN ASANBLADA)

Ikasle, ikertzaile eta EHUko bestelako langileen prekarietatea salatu asmoz elkarretaratzea deitu du unibertsitate publikoko doktoregai asanbladak. Martxoaren 24an, asteazkenean, egingo dute, 13.00etan Ibaaetako kanpuseko aulariopean.

«Prekarietaren aurka: ikerlarion lan baldintza duinen alde» leloa aukeratu dute protestarako, izan ere, prentsara igorritako ohar batean azaldu dutenez, doktoregaien lan baldintza «eskasak, soldata baxuak eta prekarietatea salatzeko» asmoa dute.

«Aurrerakoi bezala aurkezten zaigun unibertsitate honek era sistematikoan jartzen du irabazi ekonomikoa langileon ongizatearen eta kalitate akademikoaren aurretik. Garbitzaileen kasuan esaterako, administrazioko gainerako garbitzaileen soldatak eskatzen dituzte eta UPV/EHUk ezikusia egin du behin eta berriz», agertu dute oharrean.

Salatu dute, halaber, goi mailako formakuntza eta ikerkuntza geroz eta jende gutxiagoren esku daudela: «Ikasleen kasuan, etengabe garestitzen ari diren tasak dira egoera horren erakusgarri garbiena, eta, ikertzaileen kasuan, gehienok lan kontraturik gabe edo soldata oso baxuekin (oro har 1.000 euro baino gutxiago) doktoregoa burutu behar dugu».

Formakuntza-aldi batean egoteak ez du esan nahi, asanblada honen ustez, lan eskubideak urratu eta langileak prekarizatu daitezkeenik, ez baitira ikasleak. Unibertsitatearen izenean lan egin arren, diote, ez daude lan hitzarmenaren babespean.

«Ikerlari orok, ezinbestean, jardun profesionala gauzatzeko azpiegitura egokiak eta baliabide material nahikoa behar ditu, baina gutxieneko hori ere ez da bermatzen. Doktoregai guztiok matrikula kopuru berbera ordaintzen badugu ere, ikerlari horietako askok haien jarduna aurrera eramateko toki fisikorik ere ez dute. Hori gutxi ez eta, lan egiteko ordaindu egin behar dugu. Horren adibide dira doktorego eskolako matrikula eta doktoregoa egiteko ordaindu behar diren, eta urtetik urtera garestiagoak diren, bestelako tasak», esplikatu dute.

Dozentziari dagokionean ere doktoregaiek duten karga hobeto kontrolatzea galdegin diote unibertsitateari, esanez askotan doktoregaiek irakasgaien ardura hartu behar izaten dutela, sailetan dauden pertsonal arazoak direla eta.

Lanaldi amaigabeak eta asteburuetan nahiz opor garaietan ordaindu gabe lan egin beharra ere gaitzetsi dute.

Sei neurri

Honen aurrean, ikerlarien asanbladak sei neurri proposatu ditu: Ikerlari doktoregaiak EHUren lan hitzarmenaren parte izatea, haien kontratuei formakuntza izaera kenduz; haien soldata irakasle laguntzaileen soldatarekin berdintzea; doktoregotzari lotutako matrikula eta tasen doakotasuna; irakaskuntza enkarguaren kontrol erreala (gehienez ere 60 ordu urteko eta, betiere, formakuntzara bideratuak badira); doktoregai orok (kontratudun zein kontratu gabeko) gainontzeko irakasle-ikertzaileen (IIP) baliabide berak izatea, esaterako, lanerako azpiegitura egokia eta ikerlari orori kontratua egitea.