NAIZ

Metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren lanak gelditzea eskatuko du mozio batek Donostian

Metroaren Mirakontxa-Easo zatian txosten geotekniko independentea egin arte adjudikazioa gelditzea eskatuko dio Lakuako Gobernuari Donostiako Udalean bozkatuko den mozioak. EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak aurkeztu dute, Satorralaiaren ekimenez.

Joan den ekainaren 5an Zubietako kalean izandako zuloak konpontzen hasi baino oraindik ez dute konpondu. (Gorka RUBIO/FOKU)
Joan den ekainaren 5an Zubietako kalean izandako zuloak konpontzen hasi baino oraindik ez dute konpondu. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostialdeko Metroaren Mirakontxa-Easo zatian txosten geotekniko independente bat egin arte adjudizioa gelditzeko eskatuko dio Lakuako Gobernuari ostegunean Donostiako Udalean bozkatu den mozioak. Satorralaiaren ekimenez aurkeztu dute mozio hau EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeek. Satorralaiak hiritarrei ostegunean 11.30ak aldera Udaletxean biltzeko deia egin dute.

Satorralaiaren ustez, «onartezina da Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako udal Gobernuak Mirakontxa-Easo tartearen Eraikuntza Proiektu berrian azpiegitura lan handi hori egiteak dituen arriskuei buruz jasotzen diren ohartarazpen izugarriak jendaurrean isilpean gordetzea».

Mozioan azaltzen denez, «Eusko Jaurlaritzak esleitu duen Eraikuntza Proiektuak ohartarazten du oso baldintza geotekniko txarrak dituen eremu bat dela eta, ondorioz, tunela egiteak desegonkortzeak eragin ditzakeela gainazalean, ehundaka metrotako distantzian, eta eraikinen osotasunari eragin diezaiokeela, baita trazadutik oso urrun daudenei ere». 

«Proiektu berean irakurri daiteke, bestalde, Urumeako alubialekin kontaktuan egon daitezkeen hautsitako hainbat gune ere topatu direla, eta ondorioz, tunelera ur kopuru handiak sartu direla lanen aurreko fasean. Horrek obraren segurtasunari eta eraikinen egonkortasunari kalte egiten die», gaineratzen du mozioak.  

Mozioak nabarmentzen duenez, «Itsasertzetako Zerbitzuak tunelaren obrak Kontxako hondartzaren errealitate fisikoan eragin kaltegarria izan duela adierazi du, eta ondorioz, obrak gelditu daitezela eskatu du, harik eta jabari publikoko eremu itsas-lehortarra zeharkatzen duen trazaduaren azterketa oso bat egiten den arte».

Guzti honen ondorioa, Satorralaiak azpimarratu duenez, Topoaren pasantearen obrak gelditu behar direla da.