NAIZ

AzkoitiAzpeitia maratoi erdiak Road Race Label izen handiko ziurtagiria jaso du

Nahiz eta pandemiak bi urtez jarraian atzera bota duen nazioarteko lasterketa gipuzkoarra, antolatzaileek egiten duten lanaren aitortza da World Athletics erakundeak ematen duen ziurtagiri hau.

AzkoitiAzpeitia maratoi erdiak badu jada Road Race Label ziurtagiria. (AZKOITIAZPEITIA)
AzkoitiAzpeitia maratoi erdiak badu jada Road Race Label ziurtagiria. (AZKOITIAZPEITIA)

Kirol diziplina guztiak jasaten ari dira pandemiaren eragina eta AzkoitiAzpeitia maratoi erdiaren kasua ez da ezberdina. Proba gipuzkoarrak bi urtez jarraian atzera bota behar izan du nazioarteko lasterketa hau.

Gauzak hala, World Athletics erakundeak Road Race label ziurtagiria eman eta bidali dio AzkoitiAzpeitiari. Urtez urte nazioarteko maratoi erdiak egiten duen lanaren aitortza da ziurtagiri hau, eta nahiz eta pandemiak bi urtez jarraian atzera bota duen, antolakuntzatik «berdin-berdin jarraitzen dugu lasterketa hau estamentu atletiko guztietan ofiziala izaten jarrai dezan», azpimarratu dute.

Hasiera batean irailera atzeratu bazen ere, 2020ko edizioa azkenean bertan behera uztea erabaki zuten; eta berdin gertatu da 2021ekoarekin. Diego Garciaren oroimenezko 27. ekitaldi horrek txapeldun bereziak izango zituen: Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako egoitzetako mediku eta erizanak.

Hala, aurtengo edizioa birtuala izango da eta datorren apirilaren 8an burutuko da. Bertan parte hartzeko izen emateak irekita daude eta hemen egin daitezke. Edizio birtuala Alejandro Gomezen omenez izango da. «Atleta handi honek zituen baloreak ekarri nahi izan ditugu momentu zail hauetan. Egoera gogorretan aurrera egiteko gaitasuna, zailtasunei aurre egiteko adorea, lagunen lagun, ezin dugu etsi nahiz eta egoera ez den guztiok nahi genuena», adierazi dute antolatzaileek.

Hala ere, 2022ko martxoaren 26ean, «gure onera itzultzea espero dugu», gaineratu dute. Horretarako, aurten ibilbidea berriro homologatu beharko dute –bost urtetan iraungitzen da– eta beste urte batez egutegi atletikoetan izena eman, frogak nazioarteko maila manten dezan eta Azkoitiko eta Azpeitiko herriek mundu atletikoan izen ona izaten jarrai dezaten.