NAIZ

Hezkuntzako 2020ko Lan Eskaintza Publikoaren proba, ekainean BECen

Hezkuntzako 2020ko Lan Eskaintza Publikoaren lehen proba ekainaren 19an eta 20an burutuko da, Barakaldoko BECen. Ekaineko proba teorikoa gainditzen dutenek, halaber, irailaren 6tik aurrera egingo dute ahozko proba.

2018an egindako Lan Eskaintza Publikoa. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
2018an egindako Lan Eskaintza Publikoa. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Hezkuntzako 2020ko Lan Eskaintza Publikoaren lehen proba ekainaren 19an eta 20an burutuko da, Barakaldoko BECen. Horrela jakinarazi die Lakuako Hezkuntza saileko arduradunek hezkuntza arloan ordezkaritza duten sindikatuei, astearte arratsaldean izan duten bileran.

Erabakiaren berri, halaber, Lan Eskaintza Publikorako izena emanda dauden izangaiei ere ematen ari zaie, SMS mezu bidez.

Hezkuntza sailak jakinarazi duenez, orotara 4.140 pertsonak dute hautaketa prozesu honetan parte hartzeko eskubidea, horretarako eskatzen zaien programazio didaktikoa aurkeztu ondoren.

Oposizio faseko lehen proba 2020ko ekainerako zegoen aurreikusia hasiera batean, baina covid-19k eragindako pandemiaren ondorioz atzeratu egin behar izan zen. Azkenean, Hezkuntzak joan zen azaroan jakinarazi zuen –artean data noiz zehaztuko zain- Lan Eskaintza Publikoa ez zela ekaina baino lehen burutuko, eta behin betiko data gutxienik bi hilabeteko aurrerapenez ezagutaraziko zitzaiela izena emandako hautagaiei.

Ahozko proba

Bestalde, ekaineko proba teorikoa gainditzen duten izangaiek ahozko azterketara pasatuko dira. Ahozko proba hau 2021eko irailaren 6tik aurrera burutuko da. Honetarako leku zein orduak zuzenean jakinaraziko dizkie epaimahaiek izangaiei.