NAIZ

Materia organikoaren gaikako bilketa %181 igo da Nafarroan azken hamarkadan

2010ean 11.105 tona materia organiko jaso ziren Nafarroan; 2020an, aldiz, 30.658. Hamar urtetan %181 igo da, hortaz, bilketa. Berrerabili eta birziklatzera bideratutako hondakin kopuruak ere gora egin du, eta jasotako zabor guztiaren %47ra iritsi da, jarritako %50eko helburutik hagitz hurbil.

Materia organikoaren bilketa izan da Nafarroan gehien igo dena. (GETTY IMAGES)
Materia organikoaren bilketa izan da Nafarroan gehien igo dena. (GETTY IMAGES)

2020an duela hamar urte baino %181 materia organiko gehiago jaso zen Nafarroan. 11.105 tonatik 30.658ra pasatu da. Gehien handitu den gaikako bilketa izan da eta herritarren %85era iristen da jada. Aurten jende guztiarengana ailegatzea espero da, Erriberako Mankomunitatean ere ezarriko dutelako horretarako azpiegitura.

Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Raul Salanueva Hondakinen Ataleko buruak 2019ko eta 2020ko hondakinen emaitzak eman dituzte astearte honetan, etxeko eta merkataritzako zaborrei lotutakoak. 2020an 283.000 tona sortu dira orotara, 2019aren antzera, baina 2010ean bino %3 gutxiago. Hain zuzen azken hau da 2017 eta 2027 bitarteko Nafarroako Hondakinen Planaren erreferentzia data.

Berrerabili eta birziklatu

Aipatu bezala, gaikako bilketan materia organikoaren bilakaera ona nabarmentzen da. Berrerabiltzera eta birziklatzera zuzendutako hondakinen bilketa ere bide onean doala azpimarratu dute: 2020an Nafarroan jasotako zabor guztiaren %47 izan ziren. Europako Zuzendaritzak eta Nafarroako Hondakinen Planak markatutako %50eko helburutik hagitz hurbil dago, beraz, herrialdea. 2027rako %75era iristea da xedea.

Kontseilariak argitu duenez, Nafarroan zaborrak kudeatzen dituzten 16 tokian tokiko entitateen datuak dira horiek, baina horietako 14k jada bete eta gainditu dute aipatutako %50eko helburua 2019an eta 2020an. 13 mankomunitate eta Baztango Udala dira, eta Gomezek «eredugarritzat» jo du tamaina txikiagoko entitateen inplikazioa, bereziki materia organikoa bereizteko ematen duten laguntzan.

Pandemian, pertsonako 4 kilo gutxiago

Izurriteak ez du eragin zabor gehiago sortzea; kontrakoa, %1,3 gutxitu da. 2019an biztanle bakoitzak 434 kilo hondakin sortu zituen; 2020an, berriz, 430. Azaldu dutenez, gutxitze hori faktore ugarirekin lotua dago, besteak beste kontsumoaren murriztearekin, bizimoduaren aldaketarekin, elikagaiak aprobetxatzeko kontzientziazioarekin eta sentsibilizazio eta prebentzio kanpainen arrakastarekin.

Kontenedore horian %8,3 hondakin gehiago jaso ziren 2020an aitzineko urtean baino. Oihalen bilketa, berriz, %16,9 hazi da. Paperari eta kartoiari dagokienez, izurriteak merkataritzan izan duen kaltea dela-eta %3,2 jaitsi da bilketa. Beirak, ostalaritzak jasotako kolpearen ondorioz, %9,5 egin du behera.

Zabor berriei dagokienez (musukoak, eskularruak, gel hidroalkoholikoa eta beste) orokorrean zuzen bota eta kudeatzen ari direla eta ez dutela hondakinen kudeaketan eragin handirik izan azaldu dute. Hala ere, osasun arloan, sortutako zaborra hirukoiztu egin da, musuko, eskularru eta covidak sortutako hondakinak direla-eta.