Gipuzkoa Basketek asteazken arratsaldean prentsa oharra atera du jakinaraziz Pere Tomas hegalekoak antigeno proban positibo eman duela. Acunsa Gipuzkoa Basketeko jokalariak asteazken goizean aurreneko sintomak antzeman ditu itxura denez, eta klubean aditzera eman ostean, antigenoen testa egin zaio Tomasi, eta covid-19an positibo eman du.
Klubak bidali dien oharraren arabera, Mallorcako hegalekoa «ondo dago», bere etxean bakartua, protokoloek agintzen duten bezala.
Ondorioz, Gipuzkoa Basketeko gainontzeko taldekideei ere PCR probak egin zaizkie eta prentsa oharrak aditzera eman duenari jarraituz, emaitza guztiak negatiboak izan omen dira.
Aurrez ere talde donostiarrean izan da positiborik. Esaterako, urtarrila ia osoan zehar Marcelo Nicola entrenatzaileak bakartuta egon behar izan zuen covid-19an positibo eman eta gero. Bere lekuan bere laguntzaile Iñaki Martinek hartu zuen talde donostiarraren aulkiaren ardura eta bere eskutik Teneriferi eta Joventuti irabaztea lortu zuen GBCk.
Pere Tomasek 31 urte ditu –irailean beteko ditu 32– eta Joventuteko harrobian hazi ondoren, eskarmentu oso luzea dauka ACB Ligan. Joventuten ez ezik, Bilbao Basketen, Zaragozan eta Manresan ere jokatu baitu Donostiara iritsi aurretik.
Izar bat ez den arren, hegaleko titularra da Llucmajorren jaiotako jokalaria. Batez beste 8 puntu eta 5 errebote pilatzen ditu eta, esaterako, Gipuzkoa Basketek Estudiantesi 81-79 irabazi zionean, garaipenaren sakiraketa lortu zuen azken segundoetan.