«Ez dut Realaren final bat bizi zale gisa, baina zortea daukat jokalari gisa biziko dudalako»
Martin Zubimendik Athleticen aurka Kopako final bat jokatzea berezia dela onartzen du eta beldurrik gabe aurre egingo dio partidari. Zale gisa bizi izan ez duen finala jokalari gisa jokatzea ez da presioa berarentzat, aukera polita baizik.
Partida berezia Athleticen aurka finala jokatzea…
Txikitatik nabaritzen da partida berezia dela, azken finean, derbi bat da, eta, batez ere, guretzat, baina zaleentzat are gehiago, derbiak oso bereziak direlako eta final bat izatea diferentea delako.
Zer oroitzapen dituzu harrobian jokatu dituzun derbien inguruan?
Esan bezala, beti dira partida bereziak, egutegian gorriz markatutakoak baina, nire ustez, esperientzia positiboak izan ditut; batez ere, Lezamara joan naizenean emaitzak positiboak lortu ditugu.
Aurtengo partida irabazi ondoren itxaropentsu egongo zarete…
Aurtengo partida nire lehenengo derbia izan zen, oso esperientzia polita izan zen. Gu bolada txarrean iritsi ginen eta partida hori irabaztea guretzat plus bat izan zen.
Aldaketa handia nabaritu duzu Marcelinok taldea hartu duenetik?
Ni ez naiz inor ere klabea zein izan den esateko, baina batez ere joko aldetik, nik uste dut askoz hobeto dabiltzala; aldaketa nabaritu dut, baina ez dakit zein izan den klabea.
Litekeena da partida estua izatea.
Bai, ziur lehiatua izango dela; final bat da, berdin da zein dinamikarekin iristen zaren. Bi taldeak joko aldetik ez gara oso parekoak, baina horrek ere politagoa egiten du finala.
Norberaren dohainak inposatzen dituena nagusituko da finalean?
Beraiek oso indartsuak dira, oso gogorrak, aurrean abiadura handiarekin kontraerasoan mina egiteko gai dira, baina guk horren kontra zerbait prestatuko dugu. Ikusiko dugu nola irteten den.
Nahiz eta sailkapenean gorago egon eta azken derbia irabazi duzuen, badirudi jendeak beldurra diela. Zuek ez duzue beldurrik, ezta?
Ez, beldurrik ez. Guk, urtean zehar erakutsi dugun jokoa kontuan izanda, ezin dugu beldurrik sentitu. Nire ustez, oso erregularrak izan gara, joko aldetik batez ere, eta edonori min handia egiteko gai garela uste dut.
Kopako finalarekin amestu duzu?
Oraingoz ez. Egia da gutxi falta dela, baina partida hurbiltzen den heinean aurreko gau horietan seguru asko finalean pentsatuko dut.
Finalik jokatu gabe 33 urte pasatu ondoren eta 34 urte titulurik irabazi gabe egon ondoren, Realaren eta Athleticen arteko lehenengo finala izango da. Polita edo presio handiegia da?
Nik ezin izan dut Realaren final bat bizi zale gisa, baina zortea daukat jokalari gisa biziko dudalako. Hala ere, egia da ni etxekoa eta donostiarra izanik konpromiso hori areagotu egiten dela, baina saiatuko naiz neure buruari pisu handiegirik ez jartzen eta lasai jokatzen.