Manex Altuna
Elkarrizketa
Endika Guarrotxena
Athletic taldeko jokalari ohia

«Krisi garai hauek onak dira Athleticentzat eta Realarentzat»

Talde zuri-gorriaren jarraitzaileek ondo gogoan dute oraindik ere Endika Guarrotxenak 1984ko Kopako finalean sartutako gol erabakigarria. Maradonaren Bartzelona gainditu eta azken Kopa lortzeko balio izan zuen borroka izugarri batekin amaitu zen final epikoan. 

Endika Guarrotxena, Athletic Club-eko jokalari ohia Getxo taldearen zelaian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Endika Guarrotxena, Athletic Club-eko jokalari ohia Getxo taldearen zelaian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Endika Guarrotxena (Bilbo, 1961), Getxon hezi zen futbolari gisa eta bertan egin du bizitza. Javier Clementerekin Liga eta Kopa irabazi zituen Athleticeko jokalaria izan zen 80ko hamarkadan eta, ondoren, Sopelako Ander Deuna ikastolan Heziketa Fisikoko irakaslea izan zen. Orain dela urtebete erretiroa hartu behar izan zuen belaunetako lesio baten erruz. Aldi berean, entrenatzaile gisa ere aritu izan da herriko taldean zein gaztetxoekin. Aurreko denboraldian Durangoko Culturalen izan zen laguntzaile bezala. 

Athleticek Superkopa irabazi du Marcelinorekin eta Realak urte pare bat daramatza Ligako goiko postuetan Imanolekin. Faboritorik ikusten al duzu finalerako? 

Une honetan ez. Orain dela hilabete batzuk Reala ikusten nuen faboritoago, baina gaur egun oso parekatuta dago guztia eta batek daki zer gerta daitekeen. Ez dut uste taldeetako batek abantailarik duenik. Ikusi egin beharko da azken partidatik nolako emozioekin ateratzen diren, baina ez dut uste final batean hori garrantzitsua denik. 

Bederatzigarren finala du Athleticek 2009tik hona. Azken hamarkadan talde lehiakorra bilakatu dela esan nahi du? 

Zaila da esatea, faktore asko baitaude final batera iristeko. Hasteko lehiakorra izan behar duzu, noski, baina zortea ere izan behar duzu. Aldi berean, beste taldeen egoera ere kontuan izan behar duzu. Athleticentzat historian Kopako finaletara heltzea ez dut esango ohikoa denik, baina sarritan gertatu da. Egia da azken urte hauetan final askotara heldu direla eta horrek adierazten du talde lehiakorra dela, edo hori lortzeko gai dela behintzat, baina ez nuke esango beste sasoi batzuetan baino gehiago. 

Zer gertatu zen 80ko hamarkadatik 2009ra arte final bakarrera ere ez iristeko?
Athleticen zikloak ematen dira. Arrazoi nagusia izan daiteke harrobian oinarritzen garela; hori dela eta, beti zaude ateratzen diren jokalarien menpe, lehen taldean eman dezaketen mailaren menpe. Kontuan izan behar da ere beste taldeen egoera. Izan ere, fitxaketekin errazago lor dezakete hutsuneak betetzea eta taldearen maila igotzea. Estatu espainiarreko Ligako klubek diru asko izan dute garai batzuetan eta talde onak egin ahal izan dituzte fitxaketen bitartez. Gaur egun krisialdi batean gaude murgilduta futbolean eta fitxaketa gutxiago egiten dira. Hori Athletici, eta Realari ere, ondo datorkie. Krisi garai hauek onak dira beraientzat beren maila igotzeko Liga barruan. 

Athletic taldearen indarguneei dagokionez aldagela oso garrantzitsua da, baita arlo fisikoa ere

Entrenatzaile moduan, zer goraipatuko zenuke Athleticen inguruan?
Indarguneei dagokionez aldagela oso garrantzitsua dela uste dut. Beti dago batuta eta indarra dauka, ez da egoten pitzadurarik normalean. Arlo fisikoa ere nabarmenduko nuke. Taldea presioan oinarritzen da eta ez dio aurkariari bere futbola egiten uzten. Horrek ez du kentzen teknikoki ere oso jokalari onak dituela Athleticek. 

Zer egin du Marcelinok egoera iraultzeko?
Egia esan, ez dut ulertzen eman den aldaketa. Aztertzen hasiz gero, Marcelino heldu eta ha- mar egunetara emaitza hobeak eta zelaian beste eraginkortasun bat nabaritzen ziren jada. Aldaketa arlo psikologikoan eman da, arlo fisikoan edo tekniko-taktikoan ez baita askorik aldatu. Ezberdintasun handiena, beharbada, Marcelinok taldeak erabiltzen duen sistema 1-4-4-2 eskemara moldatu duela da. Gaizka Garitanok jarraitu izan balu, ez dakit taldean horrelako garapen bat ikusiko genukeen. 

Eta Realak zer dauka? 

Entrenatzailearen eragina nabarmenduko nuke, jokalariei sinestarazi die erabiltzen dutena jokatzeko modu egokiena eta eraginkorrena dela. Buru-belarri sinisten dute horretan jokalariek eta horrekin gozatzen dute. Egia da ere jokalari aproposak dituela Realak futbol hori aurrera eramateko. Imanol ezagutzeko zortea izan nuen Las Rozasen entrenatzaile titulua ateratzeko egiten den egonaldian, hiru hilabetez egon baikinen elkarrekin. Uste dut oso tipo sanoa dela, oso zintzoa; jokalariek ere hori ikusi dute eta sinistu egin diote. Hori da niretzat faktore nagusia Reala goian izateko. 

Imanol oso tipo zintzoa da. Jokalariek hori ikusi dute eta sinistu egin diote

Athletici 2012an Bukaresten gertatu zitzaion moduan, presioak jokalari txuri-urdinak kolpatzea gerta al daiteke? 

Ez dakit horrek eraginik izan dezakeen. Lidergo aldetik Oyarzabal bezalako kapitain bat dute, partida asko jokatutakoa, eta ez dut uste presiogatik beraien maila jaitsiko denik. Silva, Illarramendi edo Monreal moduko jokalariak ere badauzkate eta jakingo dute hori kudeatzen. 

Zalerik gabe jokatzeak xarma kentzen al dio finalari?
Nire ustez, final bat publikorik gabe jokatzea deskafeinatuta geratzen da. Final bat da, baina ez da finala. Ez dakit nola azaldu, espiritu gabeko final bat da. Gaur egun futbola jarraitzen duzu kirol bezala gustatzen zaizulako edo atera daitezkeen balioak positiboak direlako, baina gero eta argiago dago futbola negozio bat dela eta kudeatzen dutenentzat garrantzitsuena dirua irabaztea dela. Aldi berean, oso polita izango da gure futbolaren maila munduaren aurrean erakusteko. Bost euskal talde daude Lehen Mailan, eta harrobian oinarritzen diren bi daude finalean. Azken urteotan goi mailako jokalariak atera dituzte. 

Athleticen kasuan, sortzen duen ilusio berezi horren atzean bere filosofia dagoela uste al duzu? 

Nik Athletic jarraitzen badut da batez ere gure herriko taldea delako, etxekoak direlako eta harrobia lantzen duelako. Ez dut esango ez nuela jarraituko filosofia aldatuko balu, baina beste talde bat bezalakoa izango litzateke negozio erraldoi horretan. 

Eta zerk egiten du hain erakargarri futbola?
Nire kasuan futbola gustatzen zait joko bezala, taktikoki edo jokatzeko, nahiz eta gaur egun ezin dudan belaunak txarto ditudalako. Entrenatzaile bezala, entrenamenduak lantzea edo talde barruan sortzen den giroa eta elkartasuna maite ditut. Gogoratzen ditudan urte goxoenak Getxon, Bilbao Athleticen eta gaztetxoekin emandakoak dira. Gaztetan gehiago gozatu nuen futbola, gero ez hainbeste. 

Lehen taldean emandako urteak ez zenituela disfrutatu jakitzeak harritu nau.
Zuhaitz Gurrutxagari entzun nion elkarrizketa batean kontatzen zenbat sufritu zuen profesional mailan; erantzukizuna, presioa, zer idatziko duten nitaz hurrengo egunean... Uste dut Clementek bazekiela eta horretaz hitz egiten genuen, batez ere San Mamesen jokatzean. Izan ere, taldean bost aurrelari geun den: Noriega, Argote, Dani, Sarabia eta ni. Hiruk jokatzen zuten beti eta zaleen artean eztabaida zen Sarabiak beti jokatu behar zuela. Zu atera eta bera aulkian geratuz gero, lehen minututik sentitzen zenuen presioa. Ezin zenuen huts txikiena egin. Berehala entzuten zenituen txistuak edo marmarrak. Batzuetan gogorra egin zitzaidan, ez gaindiezina, baina ez nuen gozatzen. 

Hori jakin ostean are harrigarriagoa egiten zait Kopako finalean Clementek zure aldeko apustua egin izana. Hamaikakoko ezustekoa izan zinen. Nola gogoratzen duzu? 

Finalak partida bereziak dira eta publikoa ez da berdina izaten. Nik uste ez ginela kontziente izan egindakoaz, aurreko urtean Liga irabazi baikenuen eta gero denboraldi horretan Liga eta Kopa. Ematen du horrelako garaipenak arruntak direla. Urteak pasatzean konturatzen zara, batez ere ikusita 25 urte itxaron behar izan genituela berriro final batera heltzeko. 

Mitiko bilakatutako gabarraren zein oroitzapen duzu?
Nik uste errepikaezina dela. Ahaztezina izan zen: labe garaiak martxan zeuden eta langileak bide osoan ikustea, buzo eta kaskoarekin, ikurrinarekin garabietan igota... Oso hunkigarria izan zen. Hori bai, ez zegoen segurtasun neurririk eta ehunka txalupa gurutzatzen ziren batetik bestera. Egun ezinezkoa litzateke. Giroa ez zen berdina izango. Beste modu bat aurkitu beharko litzateke ospatzeko.