NAIZ

Angeluko alkateak euskarari egindako mespretxua ez da erantzunik gabe gelditu

Euskal Hirigune Elkargoaren azken kontseiluan, Claude Olive Angeluko ​​alkatea gogaituta agertu zen zenbait hautetsik euskaraz egin zutelako. Lexantzü-Zunharreko ordezkariak, Egoitz Urrutikoetxeak, erantzun zion hizkuntza bat bizirik egonen bada espazio publikoan mintzatu behar dela.

Claude Olive Angeluko alkateak euskararen erabilerari buruz errandakoak berehalako erantzuna ekarri zuen. (Bob EDME)
Claude Olive Angeluko alkateak euskararen erabilerari buruz errandakoak berehalako erantzuna ekarri zuen. (Bob EDME)

Euskal Hirigune Elkargoaren azkenengo kontseiluan, martxoaren 20an, Claude Olive Angeluko ​​alkatea gogaituta agertu zen zenbait hautetsi euskaraz mintzatu zirelako. Adierazpen horien aitzinean, kideak ez ziren erantzun gabe gelditu. Adibidez, Lexantzü-Zunharreko ordezkari Egoitz Urrutikoetxeak hizkuntza batek bizirik iraunen badu espazio publikoan erabiltzera ausartu behar dela defendatu zuen, funtzio soziala izan behar duelako.

Zuberoko herri honetako EH Baiko hautetsiak nabarmendu zuenez, aurreneko aldia da Euskal Hirigune Elkargoan halako aipamen bat egiten dela. «Elkargoan aho batez bozkatu zen hiru hizkuntza aitortzea: frantsesa, euskara eta gaskoia. Jabetu al da horretaz Angeluko ​​alkatea?».

Mediabasken jasotzen denez, kontseiluak iraun zituen zortzi orduetan, batez ere aurrekontuen norabideaz, ekipamenduen finantziazioaz, eta 5Garen hedatzeaz solas egin zuten. Euskal Hirigune Elkargoaren baitan talde politikoak eratzearen auziak ere eztabaida piztu zuen.

«Lurralde bat ordezkatzen dut, ez alderdi bat»

Bere hitzaldian, Claude Olive Angeluko ​​alkatea kexatu egin zen zenbait hautetsiren adierazpenengatik. «Lurralde bat ordezkatzen dut eta ez alderdi politiko bat. Hautetsi bat alderdi baten izenean hitz egiten entzuten dudanean, EH Bai adibidez, arazo bat daukat. Eta gustatuko litzaidake lehenik frantsesez hitz egitea eta ez euskaraz», erran zuen.

Azken esaldi horren aitzinean, ez zen Urrutikoetxearena izan erantzun zuen bakarra. Philippe Aramendi Urruñako alkatea ere ez zen isilik gelditu. Harrituta azaldu zen iruzkin horiekin, eta bere ama hizkuntza euskara dela eta lehenik hizkuntza horretan eta gero frantsesez mintzatzen jarraituko duela azpimarratu zuen. Lauga aretoko hainbat hautetsik txalotu zuten bere mintzaldia. Urruñako alkateak bezala, Mixel Esteban, Egoitz Urrutikoetxea eta beste hautetsi batzuek beti euskaraz hasten dituzte hitzaldiak.