NAIZ

Baionako antzokiaren okupazioa abiatu dute kultur guneen irekiera aldarrikatzeko

Ipar Euskal Herriko kulturgileek Baionako Michel-Portal antzokia okupatu dute ostiral honetan kultur guneen irekiera aldarrikatzeko. Ostiralero ekimen kulturalak proposatuko dituzte.

Kultur guneen berehalako irekiera aldarrikatu dute kultur arloko eragileek. (Guillaume FAUVEAU)
Kultur guneen berehalako irekiera aldarrikatu dute kultur arloko eragileek. (Guillaume FAUVEAU)

‘Antzokiak okupatu ditzagun’ frantziar estatu mailako mugimenduarekin bat eginez adierazpen ezberdinetako kulturgileek Baionako Michel-Portal antzokia okupatu dute ostiral goiz honetan. Okupazioaren bidez artistek, teknikariek, aktoreek, kultur guneen arduradunek, zinemagileek, dokumentalistek eta baita publikoak ere kultur guneen berehalako irekiera aldarrikatu dute.

Urriaren bukaeratik kultur guneak itxita daude, eta hori geroz eta ezinegon handiagoa sortzen ari da, bai kulturgileen artean, baita gizartean ere. Ipar Euskal Herriko covid-19aren intzidentzia tasa kontuan harturik, kultur guneak berriz irekitzeko esperimentazioa egitea eskatu dute. Aldarrikapen horiek guziak gutun bidez Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatuei helarazi zizkieten duela egun batzuk.

«Nahi duguna da Gobernuak gutaz hitz egiten entzutea da, mezua jaso dezaten», azaldu zuen Mugimenduko beste bozeramailea den Nanoua konpainiako Fanny Berardek okupazioa antolatzeko astelehenean egin zuten bileran.

Gaurtik aurrera 10.00etatik 18.00etara okupatuko dute Lapurdiko hiriburuko antzokia. Gainera, ostiralero, apirilaren 2tik aurrera, ekintza ikusgarriak antolatuko dituzte mobilizazioan parte hartzen dutenek.

Ipar Euskal Herri osoko jendea bildu da, Zuberoatik Lapurdiko kostalderaino eta Baionako Antzokian sortutako mugimendua 158 udalerrietara zabaldu nahi dutela baieztatu dute.