«Emozioa» bai, baina garaipena... etxean!
Futbol jokalariak dira, baina baita Realeko eta Athleticeko zale amorratuak ere. Kopako finalaren atarian, Realeko Iraia Iparragirre eta Athleticeko Nekane Diez jokalariekin bildu da NAIZ.
Defendatzen dituzten koloreak bihotzean iltzatuta dituzte biek. Eta astero dute koloreok defendatzeko «pribilegioa», txikitako ametsa beteta Realeko eta Athleticeko jokalariak baitira egun emakumezkoen maila gorenean. Gogoz, ilusioz «eta inbidiaz» biziko dute Sevillako hitzordua eta, finala heldu aurreko azken esprintean, tartetxo bat topatu dute NAIZekin solasalditxo bat izateko hain derbi bereziaren inguruan.
Nabaritzen da jada zuen klubetan finalaren bezperatan gaudela?
Nekane Diez: Bai eta ez. Lezaman pankarta handi bat ipini zuten, ikusten ditugu sare sozialetan-eta antolatzen ari diren gauzak… baina zaila da giroa egotea egungo egoeran. Ez dugu ezta eurekin kointziditzen ere, eraikin propioa baitaukate. Beste egoera baten egongo bagina, ziur asko gehiago biziko genuela, baina gure artean ere ezin gara elkarrekin egon! Ezta aldageletan ere! Hotzagoa izaten ari da guztia eta pena handia da. Gainera, nahikoa daukagu gurearekin, egia esateko.
Iraia Iparragirre: Gauza bera gertatzen zaigu. Pandemia dela-eta ditugun neurriekin, oso harreman gutxi daukagu, edo batere ez. Dena egiten dugu taldeka edo banaka. Ikusi dugu kamisetarena, banderena… baina gertutik bizitzea zaila da. Eta, Nekanek dioen bezala, guk ere ez daukagu gutxi gurearekin.
Baina esan didate zale amorratuak zaretela, zuen taldeetako «forofoenak». Kandelak jartzen hasiak zinetela espero nuen!
I.I.: Kar-kar, hainbesterako ere ez da! Baina ni oso realzalea naiz, egia da. Lasartearra naiz eta Zubieta nire etxea izan da beti. Eskola ere pare-parean nuen. Reala beti izan da nire taldea. Eta, orain, ametsa bete ondoren, kamiseta hau janzteko pribilegioa daukadanetik, askoz gehiago.
N.D.: Gauza bera gertatzen zait. Athletic nire taldea izan da betidanik, baita nire familiarena ere. Gainera, zure taldean jokatzeko ametsa betetzen duzunean, koloreak askoz gehiago sartzen zaizkizu. Zale amorratua naiz. Kandelak, promesak eta abarrekoak ez, baina oso urduri jartzen naiz partidak ikusten, San Mamesera Athleticen kamiseta jantzita joaten naiz… Izugarrizko gogoa dut partida ikusteko; oso gaizki pasatzen dut eta badakit sufrituko dudala, baina azkenean asko disfrutatu ahal izatea espero dut.
I.I.: Eta inbidia pixka bat ere pasako dugu! Ez da final bat, “finala” da. Eta imajinatzen dut zein ederra izango litzatekeen emakumezkoen taldeok ere Kopako final bat elkarren aurka jokatu ahal izatea... Finala eta derbia batera, zoragarria litzateke!
N.D.: Ez dakit ba, Kopan orain arte nola ibili garen ikusita, zuek irabaziko zenukete eta! Aurten jokatu ere ez dugu egingo gainera… Baina bai, argi dago final bereziagorik ez dagoela. Eta argi daukat ere inoiz baino urduriago ikusiko dudala. Izan ere, galtzen duenak…
Munduko intentsitate eta borroka guztia egongo da. Baina golak egongo direlakoan nago, bizpahiru gutxienez
Garaileak poztasun bikoitza hartuko omen du. Eta galtzaileak? Porrot mingarriagoa izango da? Porrota bera edo aurkariaren garaipena izango da okerragoa?
N.D.: Aurkariaren garaipena! Ez egin barre, benetan esaten dut! Amorrua emango lidake Realak irabaztea.
I.I.: Ni neu ez naiz batere «anti». Finala Athleticek beste edozein talderen aurka jokatuko balu, nik Athleticek irabaztea nahiko nuke. Gure aurka denez, hori bai, ez dago zalantzarik...
Baina Nekane, Athleticek beste final bat dauka hamabost egun geroago. Akordio batera-edo heldu zaitezkete...
N.D.: Ez, ez, gainera, Bartzelona gainditu genuen jada Superkopako finalean...
Iraia, zuek zarete Kopa irabazi duen azken euskal taldea. Aholkuren bat izango duzu Imanolen mutilentzat...
I.I.: Gainera begiratu zenbat denbora eman dugun txapeldun gisa, urte eta erdi! Hori ez da berriro gertatuko, hain denbora luzez txapeldun izatea! Baina ez dut uste gure aholkurik behar dutenik, gauzak ondo egiten badakitela erakutsi baitute. Gainera, oso egoera desberdinak dira. Hau derbi bat da. Horrek ez du esan nahi zailagoa edo errazagoa izango denik, baina desberdina bai. Guk Atleticoren kontra jokatu genuen finala, inork ez zuen uste irabaziko genuenik, guk ere oso zail ikusten genuen itxaropena beti izan arren... Baina, oinak lurrean eta egin behar duzuna zer den jakinez eta eginez, ezinezkorik ez dago.
Zuen kasuan, Nekane, aholku handirik ezin duzue eman Koparen inguruan. Zuen txapelketa «madarikatua» da.
N.D.: Guri galdetu ere ez, badaezpada! Aurten sailkatu ere ez gara egin, baina aurrekoetan… Sinestezina da, egia esateko. Finalaren luzapenean Bartzelonaren aurka berdinduta ere ez genuen irabazi. Mutilek gutxienez Superkopan demostratu berri dute gu baino trebeagoak direla, ia oraingo honetan ere lortzen duten.
Nolako partida espero duzue? Derbia eta finala denez, topikoak biderkatu eta neurketa itxi eta futbol gutxikoa izango al da?
I.I.: Nik uste polita izango dela. Munduko intentsitatea eta borroka guztia egongo da. Baina golak egongo direlakoan ere banago, bizpahiru gutxienez.
N.D.: Biak hasieran "tanteatzera" zelairatuko direla uste dut nik, ia nola doan kontua, asko dagoelako jokoan. Eta gero batek “batuta” hartuko duela, jokoa menderatuko duela, eta bestea kontraerasoak aprobetxatzen saiatuko dela. Sentsazio hori daukat.
Lehen esan dugu garaipena eta porrota bikoitzak izango direla. Nabarituko da? Bereziki mingarria izan daitekeen porrota ez jasotzeko beldurra igarri al daiteke?
I.I.: Beldurra ez dut uste, baina honelako norgehiagoka bat ez duzu beste edozein bezala jokatzen; "berezitasun bikoitz" hori nabarituko da eta ez dira ero-eroan zelairatuko. Normalean ez duzu horrelakorik egiten, eta are gutxiago final honetan. Gero, minutuak aurrera joan ahala, gehiago askatuko dira. Ziur nago emozioa eta "sustotxoak" egongo direla.
Eta zaleen falta nabarituko dela uste duzue? Edo, dagoeneko, ohituta zaudete?
I.I.: Biak. Ohitu egiten zara, ez dago beste erremediorik. Baina beti eskertzen da zaleen gertutasuna, ematen dizuten beroa, eta orain faltan botatzen da.
N.D.: Gu ere zaleak faltan botatzen ari gara, izugarri. Kasualitatea ere ez da izango gure historiako denboraldi txarrena hau izatea. Oso arraroa egiten da jenderik ez egotea, ezer ez entzutea… Oso hotza da guztia.
I.I.: Bat nator Nekanerekin, "hotza" da hitza. Eta mutilen kasuan arraroagoa egingo zaiela imajinatzen dut, zelaiak handiagoak direlako eta askoz jende gehiagorekin jokatzera ohituta daudelako. Gainera, final batean bereziki, zure jendea alboan izatea nahi duzu.
Hori da penarik handiena, esan duzuen bezala, bi euskal taldeen artekoa ez baita final bat, «finala» baizik. Eta inork izango du zuzenean bizi...
N.D.: Pena handia da. Xehetasun txikietatik hasita: sarrerak lortzeko borroka, bidaia antolatzea, joaterik ez baduzu lagunekin afaria edo partida non ikusi antolatzea, giroa, ospakizunak… Sekulako jaia izango litzateke beste edozein unetan.
Non ikusiko duzue zuek? Taldekideekin? Etxean?
N.D.: Taldekideekin ezinezkoa da. Batetik, maskararekin egon beharko ginateke, eta, bestetik, denok gela berdinean elkarrekin egoterik ez dugu… Beraz, etxean. Behintzat maskara barik! Niri ezinezkoa egingo litzaidake maskararekin egotea!
I.I.: Nik ere etxean ikusiko dut. Disfrutatu, sufritu, ospatu, oihukatu… denetik egingo dugu, baina etxean.
Reala oso ondo dago baina Marcelinok 'puntutxo' bat eman dio Athletici, konfiantza gehiago hartu dute
Disfrutatu, sufritu… zeinek gehiago? Zein da faboritoa?
N.D.: Reala oso ondo dago, baina Marcelinok «puntutxo» bat eman dio Athletici, konfiantza gehiago hartu dute. Eta orain orekatuago dagoela uste dut. Iaz jokatuz gero ez, baina orain itxura ona hartzen diot.
I.I.: Athletic oso animatuta ikusten dut, iaz baino hobeto. Baina Reala iaz ondo zegoen eta aurten ere horrela jarraitzen du, gauzak oso ondo egiten ari da. Irabazteko gai da, inolako zalantzarik gabe. Oso partida borrokatua izango da.
Emaitza estua edo jipoia nahiago?
N.D.: Emozioa. Guk irabaztea baina partida borrokatu eta parekatu batean.
I.I.: Bai, askoz hobe horrela. Partida orekatua, borrokatua, gol alde txikikoa…
N.D.: Ikusle bezala hobea da, baita galtzailearentzat ere. 3-0 edo 4-0 irabazten badu batek, bestea lur jota utziko du. Eta pena litzateke.
Baina oso emaitza estua bada, badakizue nola izango diren hurrengo asteak. Edo hilabeteak. Honi penalti garbia egin ziotela, beste horrek txartel gorria merezi zuela…
N.D.: Hori edozein kasutan gertatuko da! Polemika, "saltseoa"… ezin dira inoiz falta!
I.I.: Beti behar ditugu errudunak. Eta badakizu, gu geu izan beharrean beste norbait bada, askoz hobe!
Bustitzeko ordua heldu da. Pronostikoa nahi dut.
N.D.: 0-1, Iñigo Martinezek korner baten buruz sartutako golarekin.
Baina Nekane! Bai zarela zirikatzailea!
N.D.: Bueno, bueno, bustitzeko eskatu didazu eta nik horrela ikusten dut. Intuizio hori daukat.
I.I.: Ez nago ba oso ados, intuizio argia badaukazu ere... Nik 2-1 esango dut, Oyarzabalen eta Isaaken golekin.
Biek irabazi behar duzuenez, nola ospatuko duzue?
N.D.: Asko baina etxean. Ahotsik gabe geratuko naiz, hori ziur.
I.I.: Adrenalina askatu beharko dugu balkoitik oihukatuz. Batez ere athleticzale bat edo beste pasatzen bada!