Acunsa Gipuzkoa Basketek bere etorkizunari begira ezinbestean partida gehiago irabazi behar ditu, uneotan, sei garaipen eskasekin, jaitsiera postuetan legokeelako. Egia da Larunbat gaueko 20.45etan Illunben Pere Tomas gabe jokatu beharko duela talde donostiarrak –covid-19az positibo eman berritan–, baina ez dago aukeratzeko. Zazpigarren garaipena lehen bait lehen eskuratu behar du.
Are gehiago aurkaria jaitsierako postuetatik hain gertu badago, Monbus Obradoiro bezala. Talde galiziarrak bikain ekin zion denboraldiari, baina covid-19a dela eta hainbat jokalari jota izan ditu, birusa gainditu ondoren erasan fisikoa izan dutelarik gainera, eta hargatik azken hilabeteetan egundoko zurrunbilo negatiboan murgildu dira. Azken zortzi neurketak erreskan galdu ditu eta liga amaitu arte Pepe Pozas antolatzailea ere min hartuta dauka.
Bestalde, Pere Tomas gabe eta Jaime Echenique gabe, bi titular galduta jokatu beharko du talde gipuzkoarrak Obraoidoren aurka. Marcelo Nicola entrenatzaileak gainontzeko jokalariengandik «aurrerapauso bat» eskatu du, ondorioz.
«Hasteko, Pere-ren osasuna da garrantzitsuena. Ahalik eta sintomarik leunenekin pasa dezala koronabirusa. Bestetik, gainontzeko jokalariek falta den kidearen hutsunea betetzeko pauso bat eman beharko dute aurrera, orain arte egin duten bezala», azpimarratu du entrenatzaile argentinarrak.
Joan den domekan ez zen gaizki aritu Gipuzkoa Basket Kanaria Handiaren aurka, baina kanariarren bolada on pare batek donostiarren lan ona zapuztu zuen. «Xehetasun txikien erruz galdu genuen. Xehetasun horiek konfidantza galdu arazi ziguten eta ezin da hori berriz errepikatu Obradoiroren aurka», zehaztu du Nicolak partida bezperako prentsaurrekoan.