Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

EAJ-ren zakarrontzian ere egiazta zitekeen zerbait

Rafael Vera (eskuinean), 80ko eta 90eko hamarkadetan ETAren kontrako Estatuaren estrategiaren buru nagusietakoa. Oso harreman estua izan zuen EAJrekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Rafael Vera (eskuinean), 80ko eta 90eko hamarkadetan ETAren kontrako Estatuaren estrategiaren buru nagusietakoa. Oso harreman estua izan zuen EAJrekin. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Gazte donostiar batek ohitura xelebrea hartu zuen zenbait hilabetez 90eko hamarkadaren lehen erdialdean: Gipuzkoako EAJk zaborra botatzen zuen kontainerrean sartu eta jelkideek bertan utzitako dokumentuak berreskuratzen zituen. Txikitutako aktak eta txostenak ziren. Paper zatiak zinta itsasgarriarekin josten zituen etxean, pazientzia amaigabearekin, eta, azkenik, zendu berri den Pepe Rei kazetariari ematen zizkion. Hortik hainbat artikulu argitaratu zituen ‘Egin’-ek.

Garai hartan EAJ errezeloak jota zebilen, paper haietatik argitaratutako informazioen ondorioz sator bat zuela uste izan baitzuen. Anekdotek alde asko izan ohi dute, eta honek ere halaxe izan zituen. EAJn ezinegona nagusitzen zen bitartean, garai hartan egunkariarekin apur bat erretxinduta zebilen Egin Irratiko komentarista politiko batek jelkideak ‘Egin’ erabiltzen ari zirela zioen, eta argitaratutako informazio haiek alderdi horren estrategek bideratutako filtrazioen ondorio baino ez zirela. Paradoxak betetako garaiak izan ziren; gerora ‘Egin’-eko zuzendaritzak jakin zuenez, EAJ zen egunkarian «satorra» zuena. Espioi nobela merke samar baten antzera, jelkideei informazio pasatzen ziena Pepe Reiren taldean zegoen.

EAJ, Estatuaren estrategiaren osagai

Pasadizo kurioso eta zenbaitetan irrigarri haiek alde batera utzita, zakarrontzitik berreskuratutako paper haiek garrantzi handiagoko kontuak erakutsi zituzten. Nekaezin eta adoretsu, Pepe Reik bere ikerketarako baliagarri izan zitezkeen paperak hartzen zituen, eta izaera politikoagoa zuten dokumentuak egunkariko Politika sailera pasatzen zituen. Horietan, EAJren harreman politikoak agertzen ziren. Deigarria zen PSOErekin islatzen zen lotura; aktetan Espainiako Gobernuko ordezkariek emandako azalpenak ere agertzen ziren. Antoni Asuncion Barne ministroaren ahotik jelkideek jasotako hitzak ziren bereziki adierazgarriak: EAJ ezker independentistaren kontrako estrategian ezinbesteko osagaitzat zuten Madrilen. Estrategia horren izaera biolento eta injustua begien bistakoa zen. Antoni Asuncion, gainera, kartzela politikaren arduraduna izan zen ministro izan aurretik.

EAJren zakarrontzitik ateratako paper haiek errealitate historiko argi bat azaltzen zuten: jelkideak ere indarkerian oinarritutako estrategia baten itzalpean aritu zirela. Rafael Verarekin (Estatu Segurtasunari lotua, 1983-1994) eta Jose Luis Corcuerarekin (Barne ministroa, 1988-1993) izandako konplizitate estu bezain lotsagarria izan zen urte askotan horren lekuko.

Ahanztura eta inpunitatea elikatzen

Gaurko egunera ekarrita, egoera hark azken boladan zenbaitek darabilen zinismoa agerian uzten du. Izandako jokabideak eta ardurak ahaztuta, hainbatek besteei eskatzen diete autokritika aseezina, etorkizuna eraikitzeko baino gehiago iragana birsortzeko asmoarekin. Zehatzago esanda, ezker abertzaleari eskatzen diote soilik. Horretarako inkisidore lanetan aritzen direnek ahanztura eta inpunitatea elikatzen dute, beraien jokabideak eta beraien indarkeria bidegabeak eragindako kaltea aitortu eta argitu gabe utziz. Egindako kaltea aitortu duenari ematen zaio egurra, egindako kaltea aitortu eta sendatu gabe utzi nahi duenari inpunitatea eskaintzen zaion bitartean.

Bistan da ezker abertzalea eta haren ordezkariak estrategia politiko-militar baten inguruan jardun zirela. Besteek ere beste horrenbeste egin zuten.

Har dezagun muturreko adibide bat. Inork gutxik jartzen du zalantzan Jesus Egigurenek elkarrizketaren eta bakearen alde egindako ahalegina. Halere, bere biografia begiratzea besterik ez dago jada 80ko hamarkadaren hasieran bere alderdian ardura handiak zituela ikusteko. 1983an sartu zen Eusko Legebiltzarrera. Besteak beste, urte horretan Lasa eta Zabala desagerrarazi zituzten Galindoren morroiek, eta Gonzalezen gobernuak Zen Plana eman zuen ezagutzera. Eguiguren ez al zen kontziente haren denaren eraginpean ari zirela, Jon Idigoras eta Santi Brouard ETAren jardueraren eraginpean ari ziren bezalaxe? Ez du halakorik onartu ere egin. PSOE ez da Zabaltzaren kasuari begiratu ere egiteko gai.

Egia, justizia eta erreparazioa. Lekutan gaude. •