EH Bilduk ‘Feminismotik bizitzak erdigunean’ goiburuarekin egunotan egin dituen jardunaldiak bukatu ditu larunbat honetan. Online izan den ekitaldi honetan «parte hartu eta zaintzaren krisiari aurre egiteko premisa soberanista, ezkertiar eta feministak behar» direla argi utzi dutenei eskerrak eman dizkie koalizio subiranistak, eta premisa horietatik abiatuta zaintzaren inguruan ekarpenak egiten jarraituko duela hitz eman du.
Itxieran, Arnaldo Otegi koordinatzaile orokorrak hartu du hitza. «Pandemiak argi utzi du sistema hau ez dagoela bizitza zaintzeko egokituta, kapitala metatzeko bai ordea», adierazi du.
▶️ @ArnaldoOtegi koordinatzaile nagusiaren interbentzioa ZUZENEAN 'Feminismotik bizitzak erdigunean' jardunaldien itxieran.
— EH Bildu (@ehbildu) March 27, 2021
Intervención EN DIRECTO de Arnaldo Otegi en el cierre de las jornadas 'Desde el feminismo las vidas en el centro'. https://t.co/8EQls2U72Q
Bizitza demokratizatzea eta gure jendartea transformatzea ezinezkoa da EH Bildurentzat zaintzak feminizatuta eta prekarizatuta jarraitzen badu.
Horregatik, Otegik erran duenez, «ezker independentistak ikuspegi feminista eta ezkertiarretik, herri honi zaintzaren proiektu globala, integrala eta publikoa eskaini behar dio».
Zaintza erdigunera ekarri eta politika publikoen bitartez erronka honi erantzuteko ordua dela deritzo. Zaintzaren eta bizitzaren eremuan zein genero arrakalan transformazio erradikalak emateko unea.
«Euskal Herri justuagoa eraikitzeko lanean jarraituko dugu, bai politika publikoen bidez baita konpromiso kolektibo eta indibidualen bitartez ere», agindu du koordinatzaile orokorrak.
Zaintza sistema aztertzen
Jardunaldi feministen azken egunean, Euskal Herriko zaintza politika publikoen errealitateak ezagutu dituzte, baita zer nolako zaintza sistema nahi duten aztertu ere.
Herrialdeko errealitate ezberdinen konplexutasunera hurbildu dira ikuspuntu instituzional eta sindikaletik. Eta elkarrekin pentsatu dute nola iragan Euskal Herriko zaintza sistema publiko-komunitario batera. Horretarako gakoak eta erronkak identifikatu dituzte.