Hegoi Belategi
Elkarrizketa
Ander Iriarte
'Kras Soinua' dokumentalaren zuzendaria.

«Torturaren atzean jakintza bat dago; erotu direla dirudienean ere, badakite zer egiten duten»

Grabaketa lanen azken txanpan da 'Krask soinua', torturaren erabilera modernoa eta bere ondorioak ikertu eta salatu nahi dituen dokumentala. NAIZ Irratia Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izan da grabaketa betean, Ander Iriarte zuzendariarekin hitz egiteko. 

Audio_placeholder

«Torturaren atzean jakintza bat dago; erotu direla dirudienean ere, badakite zer egiten duten»

Loading player...
'Krask soinua' lanaren filmaketaren une bat. (Mirokutana)
'Krask soinua' lanaren filmaketaren une bat. (Mirokutana)

Torturaren alderik ilunenari argia eman nahi dio 'Krask soinua' dokumental fikzionatuak. Kriminologia Euskal Institutuak argitaratutako txostenean oinarrituta, tortura modernoaren atzean metodologia zehatz bat dagoela erakutsi nahi du ikus-entzunezko honek. Hauxe proiektuaren jatorria, GARAn gazteleraz azalduta.

Bost urteko ikerketa lan sakon baten ostean, crowfunding kanpaina bat abiatu zuten iaz, eta horri esker gorpuztu da proiektua. Dagoeneko amaitzen ari dira grabazio lanak. Horretan jardun dute, Gastibeltza eta Irusoin eta Mirokutana ekoiztetxeek. Astelehen honetan, Koldo Mitxelena Kulturunean izan dira eta bertatik erantzun dizkie Naiz Irratiaren galderei Ander Iriarte zuzendari oiartzuarrak.

Zer da eta noiz ematen da 'krask' soinua?

Zaila da esatea non hasten den eta non bukatzen den tortura. Batzuentzat mina maila batean hasten da, eta beste batzuentzat beste batean. Orduan konturatu nintzen gakoa akaso ez zegoela torturatuak sentitzen zuen horretan, baizik eta torturatzaileak bilatzen zuen horretan. Eta torturatzaileak pertsonaren haustura bilatzen du beti. Badago torturatuak 'krask' egiten duen une bat. Orduan bera izateari uzten dio, bere balore eta oinarriei uko egiten die; bere borondatea hausten dioten unea da.

Torturatzaileak pertsonaren haustura bilatzen du beti. Badago torturatuak 'krask' egiten duen une bat. Orduan bera izateari uzten dio

Torturak aipatzean, Unai Romanorena bezalako kasuetan pentsatzen dugu askok. Baina tortura modernoak, oinaze fisikoez gain, hain agerikoak ez diren oinaze psikologikoak ere eragiten ditu?

II Mundu Gerraren ostean debekatu zenetik, tortura eskola mota ezberdinak agertu ziren, horien artean nabarmentzekoa Aljerreko eskola. Ordutik aurrera, torturatzaileak tortura mota berriak bilatzen hasi ziren, torturatuengan 'krask' hori eragiteko baina oinaze fisikorik utzi gabe. Orduan hasi ziren tortura helburu psikologikoago batera bideratzen. Horrek ez du esan nahi kolperik ala mehatxurik ez dagoenik, baizik eta helburu nagusia pertsonaren txikizio psikologikoa lortzea dela. Horretarako hiru egunekin nahikoa da. Mendebaldean tortura mota horrek milaka torturatu izatea eragin du, nahiz eta Unai Romano edo Amparo Bengoarenak bezalako argazki gutxiago agertu.

Eta eraginkorra da totura mota hori? Izan ere, torturak jasan dituzten herritar askok, gaur egun ez dute haien burua biktimatzat...

Denok uste badugu tortura tortura gisa definitzeko gorputz osoak ubeldurez betea izan behar duela, eta zu torturatu bazaituzte baina ez badira iritsi marka fisikoen maila horretara, pentsa dezakezu «uff, ederraz libratu naiz». Eta ez zara konturatzen barrutik birrindu egin zaituztela.

Egoera horretan izan diren pertsona askok ez dute euren burua torturaren biktimatzat, eta horrek, gaitz larriagoak eragiten ditu

Militantziaren ikuspegitik ere umiliazioa bilatzen da. Izan ere, errepresio horren marka fisikorik ez uzteak, errepresio mentala eta traumak eragin ditzake. Egoera horretan izan diren pertsona askok ez dute euren burua torturaren biktimatzat, eta horrek gaitz larriagoak eragiten ditu.

Torturak jasan dituztenen artean, zure aita bera dago, Joxe Iriarte Bikila ezker abertzaleko militante historikoa. Berak torturatutzat du bere burua?

Tortura mota ezberdinak daudela aintzat hartuz, teorian, ondorio horretara iritsi gara biok. Baina nik ez dakit berak barrutik hala sentitzen duen, banalizazioaren beldurra badagoelako. Militantziaren ikuspegitik, batzuk ez dute torturaren kontzeptu hori banalizatu nahi euren buruetan eta ondorioz zail egiten da norberak bere burua torturatu gisa errekonozitzea. Ez dakit nire aita egoera horretan den ala ez. 

Euskal Kriminologia Institutuak egindako txostenean oinarritzen ari zarete dokumentala egiteko. Harritu zaitu txosten horretan topatu duzunak?

Ikaragarria da txosten hori, Europan ez dago horrelakorik. Hor ikusten da nola funtzionatzen duen sistemak. Argi eta garbi ikusten da, nola lortu duten hain beste urtez tortura maindirearen azpian ezkutatzea. Eta txostenak erakusten duena ukaezina da. Facebookek eta Instagramek gurekin egiten duten gauza berdina egiten dute torturatzaileek; haiek torturatuari gertatu zaiona, torturatua berak baino hobeto dakite, izugarrizko datu estatistikoak dituztelako. Historiarako geldituko den dokumentua da txosten hau.

Zientzia torturaren mesedera jarri dutela esan daiteke?

Olatz Barrenetxea eta harekin lan egiten duten taldeko psikologoek askotan esaten didate, haiek egindakoa desegiten dutela. Atzera begiratzen dute pazientea nola sendatu jakiteko, haien aurka erabili dituzten teknikak aztertzen dituzte, horiek deuseztatzen saiatzeko. Teknika hauen atzean noski, profesionalak daude. Torturatzailearen atzean kontrol bat dago, jakintza bat. Erotu direla dirudienean ere, badakite zer egiten duten.

Astelehen honetan Koldo Mitxelena Kulturunean izan zarete. Zer egin duzue?

Pako Etxeberria eta Laura Pego txostenaren zuzendariek esan ziguten ezer berria ezagutzera eman ez zuen ikerketa zela haiena, beraiek egin dutena informazioa ordenatzea izan dela. Ia 50 urtez jendeak etxeetan eta liburutegietan eta mila tokietan gordetako informazioa bildu dute. Horren irudia egitera gatoz Koldo Mitxelenara. 

Zenbat langilek osatzen dute lan taldea eta zein ekoiztetxek hartzen dute parte grabazioan?

Talde finkoan bederatzi bat pertsona gara, baina egun handietan jende asko eduki izan dugu. Hiru produktora gara proiektuan: Ipar Euskal Herriko Gastibeltza eta hegoaldeko Irusoin eta Mirokutana. 

Donostian amaitu eta zuzenean Madrilera zoazte ezta?

Bai. Proiektu honen baitan pertsona garrantzitsuak elkarrizketatzen ari gara. Besteak beste Paco Etxeberria eta Laura Pego eta orain Madrilera goaz Pau Perezengana, tortura psikologikoan aditu handienetako bat. Bertan ezagutuko ditugu, Al Qaidako kidea izatearen akusaziopean torturatuak izan direnen kasuak, edota errefuxiatu gune batean torturak jasan dituztenenak.

Crowfunding kanpaina bati esker jaioko da 'Krask soinua'. Errelatoaren bertsio batzuek, finantzaketa iturriak soberan dituzten bitartean, beste bertsio batzuei herritarren babesa baino ez zaie gelditzen?

Behin baino gehiagotan esan dut, oso kuriosoa dela «egia» kontatzen duten horiek fikziora jotzen dutela eta milioi asko inbertitu behar dituztela egia kontatzeko. Eta «gezurra» esaten dugunok berriz, dokumentalak egin behar izan ditugu eta finantzaketa askoz ere xumeagoarekin.