NAIZ

Irabazitako Kopak gogoan, zaleen esperientzia eta bultzada sentitu nahi ditu Realak

1909an, 1987an eta 2019an Kopako garaikurra irabazi zuen Realak eta txapelketa horietako irudiak gogora ekarri nahi izan ditu klubak, larunbateko finalaren atarian zaleen bultzada sentitu asmoz. 

«Zuek badakizue zer den Realarekin Kopa bat irabaztea», adierazi du Asier Illarramendik Realak egin duen azken bideoan. Bertan, zaleen bultzada eskatzen du kapitain txuri-urdinak istoriako laugarren Kopa eskuratzeko. 1909an eta 1987an gizonezkoen taldeak eskuratu zuen garaikurra eta 2019an emakumezkoen taldeak altxatu zuen Kopa, azken urteetako klubeko mugarri garrantzitsuena izan den garaikurra, alegia. 

Momentu historiko horietako irudiak, hala nola 80. hamarkadan irabazitako ligakoak, eta ahotsak gogora ekarriz, finalaren atariko egunak girotu asmoz sortu du bideoa Realak, beti ere zaleen babesa beharrezkoa dutela nabarmenduz. 

«Orain zuen esperientzia eta babesa behar ditugu finala irabazteko. Bultzaiguzue beti bezala, dena emango dugu Kopa hori etxera ekartzeko. Zuengatik!», adierazten du Illarramendik, Anoeta estadioko harmaila hutsen erdian. La Cartuja estadioko harmailak ere halaxe egongo dira, hutsik, eta beraz, zaleen poztasuna, animoak, ospakizunak eta abar biltzen ditu bideoa gogoan hartuta egin beharko die aurre final handiari. 

Reala zein Athletic, biak ala biak, zenbait animo mezu argitaratzen ari dira egun hauetan. Aurpegi ezagunak eta zale amorratuak beraien babesa eskaintzen ari dira hitzordu garrantzitsu horretara begirada azken bultzada eman asmoz, La Cartuja estadioko harmailetan sumatuko den isiltasun hori azken aste honetan betetzeko xedearekin.