‘Eguzkia jaikitzen da’ eleberria aurkeztu dute astelehen honetan Erein eta Igela argitaletxeek. Ernest Hemingway idazle eta kazetari estatubatuarrak 1926an idatzitako ‘The Sun Also Rises’ eleberriaren itzulpena da. Koro Navarro Etxeberriak (Donostia, 1955) ekarri du euskarara.
Navarrok Filologia Hispanikoa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. 1999 eta 2013 bitartean Hiztegi Batuko lantaldearen parte izan zen eta 2003ko urtarrilean euskaltzain urgazle izendatu zuten. Urte horretan bertan Literatur Itzulpenaren Euskadi Saria irabazi zuen, ‘Zortzi kontakizun’ (Isaac Bashevis Singer) lanarekin. Truman Capote, Edgar Allan Poe, Agatha Christie, John Steinbeck, Pio Baroja edo Dolores Redondo bezalako idazleen hamarnaka eleberri euskaratu ditu.
Gaurkoan Ernest Hemingwayren lan baten itzulpena aurkeztu du. Hemingway XX. mendeko literaturaren egilerik garrantzitsuenetarikoa izan zen. 1953an Pulitzer saria lortu zuen ‘The Old Man and the Sea’ lanagatik eta 1954an Literaturako Nobel Saria. ‘A Farewell to Arms’ (1929), ‘For Whom the Bell Tolls’ (1940), eta ‘True at First Light’ (1999) liburuak idatzi ditu, besteak beste.
‘The Sun Also Rises’ 1926an idatzi zuen Hemingwayk. 1946an gaztelaniara itzulia izan zen ‘Fiesta’ izenburuarekin eta 1957an Henry Kingek zinemara eraman zuen. Izan ere, Parisen bizi diren eta idazle izan nahi duten kazetari amerikar batzuen ibilerak eta festarako gogoa kontatzen dira eleberrian Jake Barnesen ahotik, liburuko narratzaileak.
Donostiako Udal liburutegian egindako aurkezpenean Koro Navarro itzultzailea Anjel Lertxundi, hitzaurrearen egilea, Aitziber Atorrasagasti Lakuako Gobernuko Kultura Sustatzeko sailaren zuzendaria, Itziar Diez de Ultzurrun EIZIEren lehendakaria eta Inazio Mujika Iraola Igela eta Erein argitaletxeen ordezkaria izan dira.
‘Eguzkia jaikitzen da’ obra «atipiko» bat dela azaldu dute: «Badu trama estilizatua erreportaje eredu handiekin, baina oroitzapen-liburua eta bidaia-liburua ere izan liteke. Obra hibrido bat da, askotarikoa, baina osagai horiek guztiak biltzen dituen zakuak izen doitu bat du, eta da nobela».
Sanferminak protagonismo handia dute 336 orrialdeko liburu honetan. Protagonistak Iruñeko festetara joaten dira eta nobelaren zati handi bat hiri honetan gertatzen da, non amodiozko triangelua esnatzen den.
«Ez, eleberri honetan kontatzen dena ez litzateke bereziki interesgarria, ez balitz bertan gertatzen diren peripezia egunerokoak kontatzeko moduarengatik. ‘Kixotea’ri gertatzen zaio. Edo ‘Denbora galduaren bila’ri», dio eleberriko sinopsiak.
Navarrok eskerrak eman dizkie Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteari (EIZIE) eta Lakuako Gobernuko Kultura sailari itzulpenezko proiektuak babesten jarraitzeagatik.