NAIZ

Sortuk Astiñene zubian salatu du Donostiako Udal Gobernuaren «utzikeria»

Sortuko kideek salatu dutenez, Donostiako Udal Gobernuak «kapitalaren mesedetan indarrean duen hiri-ereduak desberdintasun eta desorekak sortzen ditu». «Desberdintasun horiek bereziki nabarmenak dira Donostiako auzo eta herrien artean», azaldu dute Astiñene zubia adibide bat dela ohartarazi dute.

Astiñene zubian egindako ekimena. (SORTU)
Astiñene zubian egindako ekimena. (SORTU)

Sortuko kideak Donostiako Astiñene zubian salatu dute EAJ eta PSEren gobernuak «auzoekiko duen utzikeria». Izan ere, Loiola eta Egiako «bizilagunek sei urtetik gora daramate zubiko lanen atzerapena pairatzen, eta gaur gaurkoz ez dago zehatz jakiterik noiz arte luzatuko diren».

Aurreko legealdian URArekin hitzarmena sinatu zen zubia ordezkatzeko, «oztopo hidrauliko» bat delako. 2018ko abenduaren 4an obra egiteko kontratua esleitu zen, 3 urte t’erdiko atzerapenarekin, eta oraindik ez dira egin beharreko lanak amaitu.

Egoera honek «zentzuzko galdera bat» sortzen duela ohartarazi dute: «Ezaugarri bereko hiri-lan bat erdialdean egin beharko balitz, hainbeste luzatuko litzateke? Erantzuna begien bistakoa da, alegia, ez. Eta adibideak ez dira falta; esaterako, Santa Klara uharteko itsasargian Cristina Iglesiasen eskultura egokitzeko lanak bi urte baino gutxiagoko epean amaituko dituzte».

«Bestela esanda: kapitalaren interesak tartean daudenean, inbertsioa eta presa; auzoen arteko loturan funtsezkoa den zubian, berriz, atzerapena eta txapuzak. Horregatik, udal gobernuaren utzikeria salatzeko eta agerian uzteko, Donostiako Sortuk zubiaren inaugurazio edo irekiera herrikoia egin du», gaineratu dute.

Aurrekontuen eztabaida

Gogoratu dutenez, otsailaren 3an Udal Gobernuak aurrekontu-proiektua aurkeztu zuen, eta asteazkenean egingo den udalbaltzan onartuko du. Sorturen iritziz, EAJ eta PSEk aurkeztutako «aurrekontu-proiektuak arestian aipatutako desoreka eta desberdintasunak areagotu besterik ez dituzte egingo».

«Hiria eskaintza eta eskariaren legearen mende dagoen salerosketa huts gisa aurkezten da. Hori da egungo Donostiaren errealitatea: kapital-metaketa, etekinen bilaketa eta gainbalioen sorrera. Eta hori guztia, 'erreforma' edo 'birgaitze', 'birmoldaketa' edo 'hobekuntza' gisako deitura arranditsuen pean aurkeztuta», azaldu du.

«Hori da, hain zuzen ere, aurrekontuen eztabaidan ikusten ari garena. 2021. urtean ere udal gobernuak 'auzoetan hobekuntzak egiteko' aurrekontu bat gorde duela nabarmendu du. Baina errealitatea egoskorra da, Astiñene zubiaren kasuak erakusten duen bezala», azpimarratu du.

Alderdi abertzalearen esanetan, «beharrezkoa da, are urgentea, udal politika publikoetan norabide aldaketa bat ematea. Horregatik, dei egiten dugu bizitza erdigunean jarriko duten aurrekontuak aldarrikatzeko hiriko hamaika eragilek antolatutako mobilizazioetan parte hartzera».