NAIZ

200 hektarea inguru erre ditu Baztango Auza mendian astelehenetik piztutako suteak

Astelehenean piztu zen sua Erratzun, Auza mendiaren magalean, eta asteazken honen egunsentian oraindik ez dute amatatzerik izan. Suhiltzaileen ustez, 200 hektarea inguru erre dira.

Sutea Auza mendian, ilargi beteko gauean. (@Maiturre)
Sutea Auza mendian, ilargi beteko gauean. (@Maiturre)

Astelehen gauetik sutea piztuta dago Auza mendian, Baztango Erratzu udalerrian, eta eguraldi beroa eta lehorra delarik oraindik ezin izan dute amatatu.

Azken gau honetan burubelarri aritu dira berriz suhiltzaileak eta gaur asteazkenean gehiena kontrolatzen lortu dutela adierazi dute, baina oraindik sutearen alde batean lanean segitu beharko dutela erantsiz. Hau da astearte gauean zabaldu zuten mezua:

 

Itxuraz 200 hektarea inguru erre ditu jada suak.

Suhiltzaileek nabarmendu dutenez, hego haizea ez da oztopo bakarra. Oso malkartsua da suak hartu duen lur zorua eta ondorioz zailtasun handikoak dira lanak.

Asteazkenean egoerak hobera egingo ez balu, hegazkinetik aritzeko aukera aztertuko dute. Egunean zehar, haizearen norabidea aldatzea espero da, hala ere, eta hori lagungarria izan liteke.

Auza mendia kokatzen da sutea, Erratzuko Iñarbil auzoan hain zuzen ere, eta ez du baserririk kaltetu, alde horretan ez delako inor bizi.

Oronotz eta Iruñeko suhiltzaileen parkeetako langileak ari dira bertan, sutea itzali nahian, bai eta basozainak eta foruzainak ere.